Ahotsaren musikaltasuna, keinuak eta begiradak: kontalariaren armak

Anboto 2011ko api. 3a, 08:43

AEK-k antolatuta, Korrika Kulturalaren egitarauaren barruan, Ipuin BEROtikoak kontagintza saioa eskainiko du Kandelen Argipean taldeko Begoña Alabazanek. Le petit chaperon rouge, Aberia eta Para cuatro manos idazkietatik hautaturikoak dira apirilaren 6an, 10:30etik aurrera, Durangoko Liburutegian eskainiko dituenak

Zer da Durangoko emanaldira dakarzuna? Noiztik egiten duzue emanaldi hau? Oraingoan dakardan saioari Ipuin BEROtikoak izenburua jarri diot; itxaroten dut dudarik ez geratzea zein entzulegoari zuzenduta dagoen; izan ere, askotan \"ipuina\" entzun eta automatikoki umeentzako saioak direla pentsatzen dugu. Saio hau Kandelen Argipean taldekoon artean egiten dugu aspalditik, oinarrizko planteamendu beragaz, baina euskarazkoan neuk bakarrik egiten dut: irudimena da sexu-organurik indartsu eta baliotsuena, eta sarritan gutxien lantzen duguna. Durangoko azkeneko azokan erotismoa hartu zuten gaitzat... Bai, Joxe Mari Karrere izan genuen bertan kontalari, eta oso altu utzi zuen langa. Batez ere, umeentzako ipuinei buruz dihardugunean bestelako gaiak datozkigu burura, baina, zelan edo halan, sexua beti agertzen den gaia da, gizakiok oinarrian sexualak garelako. Egia da, hala ere, ez dela hain zuzenean berba egiten gai honetaz, eta hortik datorkie arrakasta saio hauei. Hiru idazkitan oinarritutakoa da eskainiko duzun saioa. Zeren arabera aukeratzen dituzue saioetarako ipuinak? Aukeraketa egiterakoan oinarrizkoa da zu zeu eroso sentitzea istorio hori kontatzen, eta ipuin hori kontatzeko gogoa izatea; enkarguzkoak ez dira ondo ateratzen. Kontalarion artean askotan esaten dugun moduan, \"ipuina kontatzean zeure buruari buruz ere jarduten duzu\". Hau da, kontatzen dituzun istorioak, nahiz eta jatorrian zureak ez diren testuetatik arnasa hartu, kontatzean \"zeure\" egiten dituzu, zeure izaera, pentsaera eta bizitzaren detaileak ere nahitaez agertzen direlako. Emanaldiaren sinopsirako El Gran Wyoming-en aipu bat hartu duzue; \"larrua jotzea bekatu baino, mirari\" dela dio. Umoretik ere badu emanaldiak? Noski, sexuaz edo beste edozertaz berba egiteko modurik onena da umorea; baina hori bai, seriotasunez. Bromak aparte, kontatzean ondo pasatzen saiatzen naiz, jolastera ateratzen naiz, eta entzuleek hori igartzea nahiko nuke. Sexuari buruz berba egiten dugunean, errealitatean baino fantasian jartzen dugula enfasi handiagoa ere esaten duzue. Emanaldian fantasiatik dago gehiago? Biluztu egingo naiz eszenan, baina hitzen, begiraden, keinuen eta isiluneen bitartez. Errealitatea fantasia baino askoz finagoa eta indartsuagoa izaten da sexu-kontuetan. Eta iraupen luzeagokoa ere bai. Askotariko gaiak eta hainbat adineko entzulegoari zuzendurikoak jorratzen dituzue: umeentzako eta helduentzako jardutea zertan da desberdina? Umeentzako, helduentzako eta publiko zabalarentzako ipuinak daude. Umeekin gertutasuna kontu handiz zaindu behar da: saioak ezin dira talde handietan egin, ezta arreta bideratzen ez duten tokietan ere. Kontalariaren begirada zuzen eta gozoa, keinuak eta hitzaren musikaltasuna dira ezinbestekoak umeen arreta erakartzeko. Umeekin prest egon behar duzu egiten dituzten galderak erantzuteko. Orokorrean, saio malguagoak izaten dira umeentzakoak; umeen adinaren arabera ipuinak trukatu ditzakezu. Helduentzat jardutean, berriz, finkoagoak izaten dira istorioak, saioa borobilduago dagoelako aukeratutako gai baten inguruan: gure Ipuin BEROtikoak saioan legez, kasurako. Taldeak handiagoak izan daitezke, baina oinarrian, nagusiekin ere, kontalariaren begirada zuzena eta gozoa, keinuak eta hitzaren musikaltasuna ezinbestekoak dira, umeekin moduan. Pena den arren, umeek ez bezala, nagusiek gehienetan ez dute galderarik egiten.
ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!