Aholkularitzan adituak diren Itzarri enpresako kideek zuzenduko dute entrenatzaileen eskola, eta Berbaro elkartearen laguntza izango dute. Futbola eta euskara uztartzen ditu egitasmoak.
Durangaldeko gaztetxoenen futbol taldeak euskalduntzeko asmoagaz, entrentzaileak euskaraz trebatzeko eskola jarri du abian Itzarri enpresak; eskualdeko Udalen, Merinaldearen Amankomunazgoaren eta Berbaro elkartearen laguntza izango dute.
Antolatzaileen berbetan, kirola eta aisialdia euskalduntzeko urratsa izan nahi du ekimen honek. Bere funtsa, futbol entrenamenduei buruzko formakuntza teoriko eta praktikoa euskaraz izatea, eta euskararen erabilerara zuzendurikoa izatea da. Athleticeko jokalaria eta Itzarriko kidea den Koikili Lertxundik asteleheneko prentsaurrekoan adierazitakoaren arabera, euskara eta gozamena uztartu egin behar dira, eta horretarako futbola oso baliagarria da. Hasiera batean, ekimena futbol entrenatzaileentzako prestaturik dagoen arren, aurrera begira beste kirol batzuei ekiteko asmoa ere agertu dute antolatzaileek.
Eskolari dagokionean, zortzi hileko iraupena izango du, eta hiru fasetan banatuko da. Lehendabizikoa, apirila eta ekaina bitartekoa izango da. Bi orduko 12 saio teoriko jasoko dituzte entrenatzaileek. Saio praktikoak, ostera, datorren denboraldi hasieran izango dira, iraila eta urria artean, hain zuzen. Hirugarren fasea, berriz, jarraipen fasea izango da. Lertxundiren berbetan, \"taldeetan euskalduntzea bermatzen dela ziurtatzea\" da fase honen helburua. Durangaldekoa ez da mota honetako eskola bakarra. Txorierrin ere badago futbol entrenatzaileak euskaraz trebatzen dituen beste ekimen bat.
Izena emateko epea zabalik dago oraindik; horretarako udalerriko euskara zerbitzuetara, nahiz Mankomunitateko euskara zerbitzura (94 623 25 22 edo euskera.mdurango@bizkaia.org) zuzendu daiteke.