Zapatuan Durangoko V.Duatloia ospatu zen. Ia 300 kirolarik parte hartu zuten gizonezkoen eta emakumezkoen probetan. Eguraldia lagun, giro polita egon zen Durangoko kaleetan. Gizonezkoetan, Felix Javier Martinez Rubiok (Camargo) irabazi zuen, emakumezkoetan, ostera, Gurutze Fradesek (Mugarra).
Guztira, 1:51:31 behar izan zituen Martinezek lasterketa amaitzeko. Eskualdeko lehendabiziko kirolaria, ostera, Roberto Corujo (Mugarra) izan zen. Hamargarren amaitu zuen proba Corujok, eta 1:57:17 behar izan zituen. Abadiñoko Laubidetako Gorka Bizkarrak, berriz, hamaikagarren bukatu zuen.
Emakumezkoen proban, ostera, antolatzaileen
aurkezpenean egindako iragarpena bete egin da; Mugarra taldeko Gurutze Fradesek irabazi zuen zapatuko proba. Emakumezkoen proban 13 neskek parte hartu zuten; Mugarra taldeko 5 kidek eta Abadiñoko Laubidetako batek parte hartu zuten, besteak beste. Fradesek 2:07:30 behar izan zituen proba amaitzeko.
Taldekako sailkapenari dagokionez, gizonezkoetan Antxintxika triatloi taldeka izan zen garaile. Emakumezkoetan, berriz, Mugarra Triatloi taldea nagusitu zen.