Martxaren 31n, 21:00etan, Durangaldeko Doktor Klub eta beste hiru talde Plateruenean
Martxoaren 31n, 21:00etan, Durangaldeko Doktor Klub eta beste hiru talde Plateruenean.
Martxoaren 31n, Durangoko Plateruenean joko dute Rock Izar eskolak lehenengoz antolatu duen maketa lehiaketaren bigarren finalaurrekoan parte hartuko duten lau taldeek.
Durangaldetik, Euskal Herriko beste hainbat lekutatik, eta, besteak beste, Madril, Katalunia eta Andaluziatik ere jaso dituzte maketa lehiaketan parte hartu gura izan duten taldeen grabazioak Durangoko Rock Izar eskolan.
Lehiaketaren zuzenekoetan jardun eta lehiaketaren saria eskuratu ahal izateko aukeratu dituztenetako lau taldek eguenean Plateruenean dute euren lana erakusteko aukera: Barakaldoko The Howl, Malagako Oceans, Mashai bilbotarrak eta Durangoko Doktors Klub taldeek joko dute.
Besteak beste, gitarrekin, bateriagaz eta aho-soinuagaz, Estatu Batuetako mendebaldeko musika \"countrya\" gogora ekartzen duten kantak sortzen ditu Durangaldeko Doktors Klub laukoteak.
Elgetako Espaloian urte amaieran burutu zuten Danbaka maketa lehiaketan ere hartu zuen Doktors Klub taldeak parte, eta zuzeneko hartan ere euren doinuen bitartez zein oholtza gaineko \"eszenografia\" bereziagaz eroan zuten ikuslegoa AEBko \"mendebaldera\": lasto fardoen gainean jesarrita eta txapela buruan, praka bakero eta alkondara koadrodunak soinean agertu ziren.
Euskarazko eta inglesezko letrak uztartzen dituzte Doktors Klub taldean; esaterako, Old west, Ametsetan, Caroline edo Itsasoren azpitik izeneko kantak sortzeko.
Durangaldeko ordezkariez gainera, rock klasikoa jorratzen duten Oceans malagarrak, metal doinuak sortzen dituen Barakaldoko The Howl eta rock gogorraren eta metalaren mugan diharduten Mashai bilbotarrek joko dute Platerueneko egueneko zuzenekoan. Apirilaren 1ean burutuko dute lehiaketaren finala.