Datorren eguenean, martxoaren 24an, Durangoko Platerueneko Kantulagun ekimenaren barruan saio bat gidatzera etorriko da Mikel Markez errenteriarra. Saioa zelan pentsatu duen azaldu digu, besteak beste. Zer da Platerueneko emanaldirako prestatu duzuna? Amodioaren gaia jorratu nahi dut bereziki. Normalean libreago egiten ditut ikastaroak, gai konkretu bati heldu gabe, baina kasu honetan beste hiru lagunekin kantutegia konpartitu behar zenez, gai konkretu bat jorratzea pentsatu dut. Amodioaren edo harremanen gaia euskal kantagintzako gai printzipala izan da, bestetik, mundu osoko kantagintza guztietan bezala. Ez dakit zehazki Kantulagun lakoak izan diren egin dituzunak, baina modu honetako saioetan jardun izan duzu, ezta? 20 bat urte izango dira lehen kantu ikastaroa egiteko gonbidapena jaso nuena. Geroztik, urtero aritu izan naiz han edo hemen. 200 bat kantuko bilduma batetik abiatzen naiz eta ikastaroaren luzeraren arabera egokitzen dut. Orain ezingo nuke egin, baina gogoan dut Ondarroan 40 orduko ikastaro bat egin nuela, eta, portzierto, nik 200 kantu eraman banituen beste 200 irakatsi zizkidaten hango ikasleek… Gustura aritzen zara entzuleen parte-hartzea oinarri duten emanaldiotan? Oso harreman zuzena eta gertukoa sortzen da jendearekin. Kantuak batu egiten du; hori probatu duen edonork daki. Distantzia labur hori asko gustatzen zait, eszenatokitik kanpo, borobilean eserita, normalean ikusle izaten direnen maila berean. Berrizko Kultur Etxean izan zinen orain hilabete gutxi. Zelako oroitzapena duzu?Oso talde polita bildu ginen. Oso jende jatorra eta atsegina. Han ere, beti bezala, kanta pare bat ikasita joan nintzen etxera… Elkarrizketa batean irakurri dugunez, orain hamarkada bi kantagintzan hasi zinen hasierako urteetan, urtean 200 kantaldi eskaintzen zenituen. Gehiegizkoa zen erritmo hura?Momentu hartan ez nuen modu horretara bizi, zurrunbilo hartan gustura bizi bainintzen. Ikastaro soziologiko trinko bat izan zen, eta euskalkiez gain Euskal Herriko geografia puska bat ere ikasi nuen, gainera. Oraingo ikuspuntutik iruditzen zait gehiegizkoa, gehienbat gibela eta urdaila osasun onean behar dira eta… Azken urteetan beste martxa batean diharduzula ematen du. Zelan bizi duzu musikagaz daukazun harremana orain? Zer alde dago hasierako urte haiekiko?Orain kantagintza nire bizitzan txertatuagoa dagoela esango nuke. Ez daukat kantak egiteko urgentziarik, ateratzen diren bezala ateratzen dira, presarik eta presiorik gabe. Orain kantak eta kantaldiak gehiago dira olatuak bezala, badatoz eta badoaz, baina ez dira inoiz agortzen. Zer egoeratan, zer leku eta unetan,gertatzen zaizu sorkuntza emankorren?Egia da lanean hasten naizenean obsesibo samarra naizela. Hau da, hilabete egon naiteke ezer egin gabe, eta gero bi astetan dena utzi eta 24 orduak gutxi direla kantak sortzeko. Purrustadaka bezala aritzen naiz. Orain bat ere ez, orain topera. Zu eta zure musika legez, entzulegoa ere aldatu egin da. Zelakoa da entzulegoagaz daukazun hartu-emana?Nik aldaketa gehiago sumatzen dut antolakuntza kontuetan entzuleengan baino. Suertez, gutxi edo gehiago, beti etorri izan zait jendea kantaldietara, eta normalean gustura joan ohi dira etxera. Nik 20 urte nituenean adin berbereko jendea izaten nuen jarraitzaileen artean, eta orain 40 ditudanean nire adinekoez gain 20 urtekoak ere ikusten ditut kantaldietan. Zer proiektu edo helburu dauzkazu musikagintzari dagokionez?Aurtengo urtea amaitu aurretik disko berria kaleratzea da nahi nukeena, eta espero dut garaiz heltzea. -----------------------------------------------------------------------------------------------------------
Benito Lertxundiren mundu ikuskeraren inguruko liburua
Musikagaz lotuta beti, baina diskoak kaleratu eta zuzenekoak eskaintzetik aparte, azken urteetan beste hainbat eginkizunetan ere jarduna da Mikel Markezek. Bestelako egitasmo horiei dagokienez, datozen hilabeteetarako dituen proiektuez galdetu diogu, eta hainbat pista eta "sekretu bat" ere kontatu dizkigu: "Bi proiekturekin dihardut aurten: batetik, Pako Aristirekin liburu batean lanean dihardut, Benito Lertxundiren mundu ikuskeraren inguruan. Benito, plazer bat izan duk izango du izenburu; bestetik, irratsaio bat egiten hasiko naiz udan, baina hau oraindik sekretua denez, ez esan inori!", aurreratu digu. Duela zenbait aste Argia astekarian egin zioten elkarrizketan eman zuen Markezek azken urteetan Pako Aristi idazleagaz eta Benito Lertxundi musikariagaz lotzen duen harremanaren berri. Afaltzeko batzen ei dira, eta, Argian kontatzen zuenez, "gauza askotaz aritzen gara afari horietan": euskal gatazkaz, erlijioari eta transzendentziari buruz zein sexuaz, arteaz eta sorkuntzaz. Harreman horren isla izango da liburua.