Gaur, martxoaren 25, Khamul taldearen ondoren eskainiko dute Bizardunak taldekoek zuzenekoa
Gaur, martxoaren 25, Khamul taldearen ondoren eskainiko dute Bizardunak taldekoek zuzenekoa.
Bizardunak izenaren atzean bederatzi musikari batu zirenean, hasieran disko bakarra kaleratzeko asmoa ei zeukaten, eta 2008an kaleratu zuten taldearen izen beragaz. \"Folk radikal euskalduna\" egiten zutela adierazi zuten lehenengo diskoa aurkezteko eskaintzen zituzten elkarrizketetan.
Iazko moduan, aurten ere martxoan datoz Bizardunak Durangoko Plateruenera: martxoaren 25ean, Khamul taldearen ondoren eskainiko dute kontzertua. Dubliners talde irlandarreko eta Kubako Sierra Maestrako bizardunak maite dituztela aldarrikatzen duten musikari nafarrak datorren barikuan berriro izango ditugu Durangaldean entzungai.
Hain zuzen ere, Durangon, Euskal Liburu eta Disko Azokan, aurkeztu zuten abenduan En Zugzwang izeneko bigarren diskoa. Xake jokoko jokaldi bati erreferentzia egiten dio disko berriaren izenburuak: edozein pieza mugituta ere, jokalariaren egoera txarrera doala adierazten ei du alemanez berba horrek.
Hamahiru kanta dira Bizardunek izenburu berezi hori daraman diskoan bildu dituztenak, eta martxoaren 25ean Plateruenean joko dituztenak. Hiru sarrera bikoitzen zozketan zelan parte hartu jakiteko: www.anboto.org.