Durangoko lehenengo slaloma antolatu du Durangalde Racingek

Anboto 2011ko mar. 19a, 11:03

Durangaldeko Racing Elkarteak 2011n antolatuko dituen bi ekimenetako lehenengoa da Durangoko I. Slaloma. Bigarrena ekainean jokatuko den Urkiolako XV. Igoera izango da.

Durangaldeko Racing Elkarteak 2011n antolatuko dituen bi ekimenetako lehenengoa da Durangoko I. Slaloma. Bigarrena ekainean jokatuko den Urkiolako XV. Igoera izango da. Durangalde Racing Elkarteak ibilbide oparoa duela esan daiteke; duela bost urte jaio zenetik, hainbat izan dira antolatu dituzten ekimenak. Eskualdeko hainbat piloturen automobil-taldea izateaz gainera, hainbat egitasmo antolatu dituzte urteotan. Urkiolako Igoera lako proba bat berreskuratu ondoren – 1987tik egiten ez zena–, erronka berriei ekin diete. Gaur, estreinakoz, Durangoko I. Slaloma jokatuko da. Oier Gonzalez DRE taldeko kideak eta lasterketako zuzendariak azaldutakoaren arabera, bestelako proba bat egiteko gogoak bultzatu ditu horretara. Lehenengo edizio honegaz pozik daude antolatzaileak. Gonzalezen berbetan, jendeak \"oso ondo\" erantzun du; 40 pilotutik gora arituko dira slalomean. Slalomak zirkuitu itxietan egiten diren probak dira; Durangokoak 800 metro izango ditu, eta BI-623 errepidean izango da. Gonzalezen berbetan, hurbiltasun horrek eragina izan du: \"Horrelako proba bat ikustera oinez joan ahal izateak ikusleak hurbiltzera animatuko dituela uste dugu\". Zirkuitu horretan hiru itzuli egingo dituzte pilotuek; bi entrenatzeko, eta ofizial bat. Denbora onena lortzen duenak irabaziko du. Faboritoak nortzuk diren aurreratzera ez da ausartzen Oier Gonzalez, hala ere, bere ustetan, denbora onenak Kart Cross autodunek egingo dituzte. \"Potentzia handia dute\". Guztira, lau taldetan lehiatuko dira pilotuak: Kart Cross, 1600 zm kubiko arte, 1600 zm kubikotik gora, eta atzeko trakziokoak. Esan dogunez, 40 pilotu baino gehiagok parte hartuko dute proban; eskualdeko 15 pilotu inguruk parte hartuko dute; tartean, Durangaldeko Racing Elkarteko 7 kidek. Hainbat automobil-taldek parte hartuko du proban, tartean, Nervion, Mungia Racing edo Zuzpertu taldeetakoek.

Arazoak obrekin

Zirkuitu alboan obra batzuekin arazo \"txiki\" batzuk izan arren, zapaturako konponduta egongo direla aurreratu du Oier Gonzalezek. Slaloma jokatzen den lehenengo biderra da hau, hala ere, Euskadiko Txapelketarako puntuagarria izanda, lehia handia egongo da parte-hartzaileen artean.
ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!