Martxoaren 26an ospatuko da duatloia, eta euskal zirkuiturako puntuagarria izango da. Probaz gain, egun osoko egitaraua egongo da
Martxoaren 26an ospatuko da duatloia, eta euskal zirkuiturako puntuagarria izango da. Probaz gain, egun osoko egitaraua egongo da
Martxoaren 26an jai egun bat izatea nahi du Mugarra triatloi taldeak. Duatloia herrira hurbiltzeko asmoagaz, bosgarren aldiz Durangoko Duatloia antolatu du. Guztira 53,2 kilometroko ibilbidea izango du probak, eta euskal zirkuiturako proba puntuagarria izango da.
Proba hau ospatzen den bosgarren aldia izango da aurtengoa. Azken urteetan sendotu egin da Durangoko duatloia, eta gero eta pisu handiagoa du Euskal Herriko zirkuituan. Parte hartzaile kopuruak ere gora egin du urteotan, eta iaz 320 kirolarik parte hartu zuten. Bosgarren edizio honetarako 180 pertsonak izena eman dute jada.
Gaizka Uriarte Mugarra taldeko kidearen eta probako antolatzailearen berbetan, gehiagok emango dute izena, \"eguraldiaren zain egongo dira\", ordea. Mailari dagokionean, \"altua\" izango dela aurreikusten du Uriartek. Iazko podiuma osatu zuten gehienak aurten ere lehiatuko direla aurreratu du Uriartek. Durangarren berbetan, Mugarra taldeko kiden den Gurutze Fradesek zer esana emango du proban.
Duatloia ez da izango, ordea, 26rako antolatu duten egitasmo bakarra. Duatloia herritarrei hurbiltzeko eta kirola eta jaia uztartzeko asmoagaz, egun osorako egitaraua prestatu dute Mugarrakoek.
Goizean, Mugarra triatloi eskolakoek gaztetxoen duatloian parte hartuko dute; iaz egiten zuten hau lehendabizikoz. Ostean, nagusien proba ospatuko da. Lehiaz gain, bestelako ekimenak ere egongo dira. Goizean spining erakustaldia egongo da, eta egunean zehar kafe-dastatzea eta jai gunea egongo dira. .Eguraldia lagun izatea bakarrik falta da martxoaren 26a jai egun borobila izan dadin. Festaz gainera, lana ere egongo da, ordea; guztia ondo irteteko, 40 pertsona baino gehiagok parte hartuko du duatloiaren antolakuntzan.
Taldearen aurkezpena
Martxoaren 12an triatloi taldearen eta triatloi eskolaren aurkezpena egin zuen Mugarrak. Triatloi taldean 70 lagunetik gora arituko dira. Eskola, ostera, ia 80 lagunek osatzen dute. Euskal zirkuituko probak otsailean hasi ziren.