Berbaldia, eztabaida eta bertso-saio esperimentalak burutuko dituzte Plateruenean, eta Onintza Enbeita bertsolariak egingo ditu aurkezle eta moderatzaile lanak.
Sarako Lur Berri aretoan, Gasteizen eta Iruñean burutu dituzte azken asteetan Bertsozale elkarteak antolatzen duen Bertsolamintza gogoeta, ikerketa, berbaldi eta eztabaida zikloaren lehenengo hiru saioak. Gaur, 18:00etan hasita, Durangoko Plateruenean izango da hitzordua.
Berbaldia, eztabaida eta bertso-saio esperimentalak burutuko dituzte Plateruenean, eta Onintza Enbeita bertsolariak egingo ditu aurkezle eta moderatzaile lanak.
Bertsolaritzagaz loturiko gaien inguruko gogoeta eta ikerketa sustatzea helburu duten jardunaldietan, Inertziak erantzi, garena jantzi lemagaz jardungo dute aurten, laugarren edizioan.
Azken hilabeteetan gaiok mintegietan landu eta eztabaidatu ondoren, \"hausnarketa borobildu ondotik gizarteratzeko\", Bertsozale elkarteak azaldu duenez, \"bertsozale, kulturgile eta oro har euskaltzaleekin\" gogoeton emaitzak konpartitzea da Bertsolamintzaren jomuga. Durangoko kasuan, generoari buruzko eztabaida egingo dute.
Arratsaldeko seietan ekingo diote programari, berbaldiekin: Gai-jartzailea emagin? Zenbateraino markatzen du gaiaren ikuspegiak eta tonuak ondorengo bertsoaldia izenburuko berbaldia eskainiko du Egoitz Aizpuru gai-jartzaileak, eta ondoren Gorbata ala amantala erantzita... andre-gizonak bertsortan biluzik? gaiaz jardungo du Ibon Arrizabalagak.
Aizpururen eta Arrizabalagaren hitzaldiak eta gero, hitzaldi horietan mahaigaineratutakoak ahotan hartuta, 19:30ean zabalduko dute eztabaida Plateruenean bildutako publikoagaz. Ondoren, 20:30ean hasita, bertso saio esperimentala burutuko dute Plateruenean: Egoitz Aizpuruk gaiak emanda, Jon Maia, Iker Zubeldia, Onintza Enbeita eta Ainhoa Agirreazaldegi bertsolariek jardungo dute bertsotan.
Martxoaren 12an, zapatuan, Villabonan izango da Bertsolamintza zikloaren azkeneko saioa, eta goizean goizetik hasita jardungo dute hausnarketa eta eztabaidan.