Deportes Ferrer taldearen aurka 60-70 galdu ostean, Tabirakok maila galdu du.
Denboraldi bakarra iraun du Tabirakok EBA mailan. Iaz igoera lortu ostean, Tabirakok ezin izan dio mailari eutsi. Jardunaldi honetan Landakon galdu ostean, mailari eusteko aukerarik gabe geratu da.
Ilusioz ekin zion denboraldi berriari talde durangarrak; hutsik geratutako plaza bati esker EBA mailara igotzea lortu zuen Tabirakok. Erronka mailari eustea zen, durangarrek, ostera, bazekiten gaitza izango zela. Tabirakok filosofia bat jarraitzen du, eta horrek etxeko jokalariekin jokatzera mugatzen du. Honenbestez, denboraldiari igoera lortu zuen jokalari berdinekin ekin zion irailean.
Maila igotzeak suposatuko zuen lanaren jakitun, taldeak modu berezi batean hasi zuen denboraldia. Jokalariek kontzentrazioa burutu zuten Mundakan. Denboraldia garaipenarekin hasi zuten, gainera, Zornotzari 78-85 irabazi zion talde durangarrak. Hala ere, emaitza onak urriak izan dira denboraldian zehar. 19 jardunalditan hiru partidu irabazi ditu Tabirakok, tartean, Zornotzari irabazi dizkion bi derbiak. Taldeak itxura ona eman du hainbat partidutan, baina, hiru garaipenok ez dira nahikoa izan mailari eusteko.
Hiru jardunaldi geratzen dira denboraldia amaitzeko, eta jokoan ezer ez izan arren, denboraldia ahalik eta aurpegi onena eskainiz agurtuko du talde durangarrak. Ez du erraza izango, hiru partidu horietako bi goiko sailkatuen aurka du eta; domekan sailkapenean bigarren dagoen Fidalgo Vecinoren kantxa bisitatuko du.