"Urte batzuen buruan Enpresen Ligan egongo da Master Jai ere"

Anboto 2011ko ots. 25a, 09:57

Bizitza osoa pilotari loturik eman ondoren, agur esango dio Aitor Totorikak; onenean utzi duela iritzi dio, gainera; \'goian\' dagoenean, hain zuzen ere. Hala ere, \'guztiz\' ez ei du utziko; frontoira joaten jarraituko du

Bizitza osoa pilotari loturik eman ondoren, agur esango dio Aitor Totorikak; onenean utzi duela iritzi dio, gainera; "goian" dagoenean, hain zuzen ere. Hala ere, "guztiz" ez ei du utziko; frontoira joaten jarraituko du. Pilotaren Mundua utziko duzula iragarri duzu. Arrazoiak azaldu ditzakezu? 21 urte daramatzat mundu honetan, eta nahiko erreta nago jada. 21 urte eta gero, lagun asko egiten dituzu, baina etsaiak ere bai; zeure taldetxoa ere egiten duzu denbora horretan. Alde onak eta txarrak begiratu, eta pilota uztea ebatzi dut. Zerikusi zuzena ez duten gaiekin jarraituko dut orain: telebista, Filipinetako frontoiaren kontua... Guztiontzat onena dela uste dut; goian nagoela uzten dut enpresa, eta ziur naiz Mikel Plazak ondo beteko duela bere lana. Esku onetan uzten dut enpresa. Gaitza egin zaizu erabakia hartzea? 8 urtegaz hasi nintzen pilotan jolasten, eta 15 urtegaz debutatu nuen. Gerora, 11 urtean Estatu Batuetan jokatu nuen. Ondoren, 21 urte egin ditut enpresari lanetan. Guztira, 41 urte dira pilota munduan, beraz. Pilota mundua bera ez dut guztiz utziko: frontoietara joaten jarraituko dut, 25 urterako lizentzia dut Filipenetako frontoi batean; telebistako programetan egongo naiz, Interneteko zuzenekoetan ere bai... Uzten dudana, eta gogoz kontrako erabakia da, pilotaren kudeaketa zuzen hori da. Zertan aldatu da pilota urte hauetan guztietan? Guztiz. Ni hasi nintzenean, enpresariak pilota mundukoak ziren: Ercilla, Angel Iza, piedratarrak... Euretako asko pilotan ibilitakoak ziren; egun osoa pilotalekuan igarotzen zutenak eta kirola ezagutzen zutenak. Egungo enpresariak, ostera, enpresari hutsak izatera mugatzen dira. Diruagatik eta audientziagatik bakarrik mugitzen dira; oso hartu-eman txikia daukate pilotariekin, eta niri, berriz, hori da gehien gustatu zaidana beti. Arlo honetan asko aldatu da pilota, eta pertsonalki, gurago dut lehengo pilota. Bereziki palari eta zestari eragin dion krisiak. Hortan eskupilotak eraginik izan duela uste duzu? Bai. Futbolagaz konparatu daiteke: futbola gainerako kirolak "hiltzen" dabil. Saskibaloia da eusten dion bakarra, nazioarteko erakarpena daukan kirola delako. Estatu mailako indarra izan arren, eskubaloia, areto-futbola eta horrelako kirolak gutxiengoentzako dira. Eskupilotarekin geratzen dabilena antzekoa da: hau indartzeko helburuagaz, eskupilota erremintari ikusleak kentzen ari da. Jendeak eskupilota ikustea bakarrik gura dute. Zerk eragin du krisi hau? Nire ustez, jendearen ohitura aldaketak. Jendea askoz gutxiago joaten da pilotalekura. Eskupilotaren eragina ere hor dago; azken 15 urteetan asteko 3-4 partidugaz bonbardatu gaituzte telebistan. Guk, adibidez, Euskal Telebistarako 15 partidu eskaintzen ditugu urtean. Horrek min handia eragin du. Guk telebistarako ekoiztetxea sortu dugu, baita Interneterako ataria ere. Internet ez da etorkizuna, oraina baizik. Hortaz, giltza Internet da? Krisia orokorra da; irteteko bide bakarra, ostera, planteamendu berriak direla uste dut. Pilotak garai berrietara egokitu behar du. Aldeketak egin behar dituzu, bestela hilik zaude. Hainbat urtean egon zara esku pilotatik kanpora. Zergatik itzuli zara? Asegarcetik irten nintzenetik, beti eduki dut buruan eskupilota koadro propioa izatea. Pertsonalki ez dut amets hori beteko, baina enpresak beteko du, ziur. Master Jai proiektu horretan dabil buru-belarri. Hile batzuk atzeratuko da aurkezpena, baina Master Jaik eskupilotan jardungo du. Aurreratu dezakezu zeozer? Guztira, 22 pilotari inguruko zerrenda bat dugu. Hitzarturik ditugu, besteak beste, Urberuaga, Koka, Rober Uriarte, Asier Berasaluze… Beste 6-8 ditugu hitzarturik, baina kontratua indarrean daukatenez ezin dut aurreratu nortzuk diren. Profil ezberdina betetzen duten jokalariak egongo dira. Master Jaik talde garrantzitsua izango duela aurreratu dezaket. Zer helburu ditu Master Jaik? Enpresen ligan sartzeko asmorik? Lehenengo eta behin, enpresa indartzea gura da; zeozer lortzeko, gauzak ondo egin behar dira. Aurrerago liga horretan sartzeko asmoa badaukagu; azken finean, pilotari onak badituzu, zugaz kontatu beharko dute. Epe ez oso luzera helburu hori du Master Jaik. Bestalde, hiru urte hauetako balantzea positiboa da. Traba ugari izan ditugu; hainbatek ez nau gustuko. Ekonomikoki ez da oso errentagarria izan, krisiak bete-betean kolpatu gaituelako, baina, hala ere, aurrera egitea lortu dugu. Etorkizun ona du proiektuak. Lan eta diru askori esker lortu dugu hona heltzea. Master Jai utzita, zer asmo duzu? Filipinetako Meridien Vista Gamming zuzentzera mugatuko naiz, baita Bizkaia Jai Alai pilotalekua kudeatzeaz ere. Urtean 6-7 aldiz joaten naiz hara, eta orain hori egiten jarraituko dut. Hemengo frontoiak kudeatzeari, aldiz, utzi egingo diot. Telebistan eta Interneten zentratuko naiz, gehien bat. Familiari ere arreta berezia eskainiko diot. Zer da pilota zuretzat? Dena. Dena eman dit, eta guztia kendu dit. Pilotagatik naiz naizen modukoa. Jende ona eta txarra ezagutu dut pilotari eskerrak. Jokalari jardun nuen urteekin geratzen naiz batez ere, eta ezagutu ditudan lagun guztiekin. Momentu txarrak ere pasatu ditudan arren, une onekin gogoratuko naiz.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!