Marino Lejarretaren laguntza berriagaz, errepidean aurrera beste urte batez

Anboto 2011ko ots. 23a, 10:57

33 urte bete ditu pedalkadak ematen Cafés Baque txirrindulari taldeak, eta aurrera begirako proiektua dela erakutsiz, lan-talde zein kirolari berrien aurkezpena egin dute asteon. Ez da ohikoa, gaur egun, txirrindulari talde batek horrenbeste urteko ibilbidea izatea. Cafés Baquék historia egiten segitzen du, eta hala berretsi du asteon egindako denboraldi berrirako aurkezpenean. Sasoi berrirako asmoei heltzeko, zuzendaritza arloan fitxaketa garrantzitsua egin dute, gainera: Marino Lejarreta. Iaz Joseba Beloki batu bazitzaion Ruben Gorosperi, aurten berriztarra gehituko zaie Zuzendari-laguntzaile. Taldeak 33 urte bete izana nabarmendu zuten ekitaldian, eta Baqué etxeak urteotan emandako laguntza eskertu zuten proiektuaren gidariek. 33 urteotan harrobiko lana egin eta bertako 88 txirrindulari pasa dira profesional mailara.Tartean,Gorospe anaiak, Beloki bera, edota Munduko txapelketa irabazitako Igor Astarloa. Bide horretan jartzen azkenak, iaz hainbat proba irabaziz denboraldi ederra osatutako Dani Diaz eta Sebastián Tamayo izan dira. Ruben Gorosperen iritziz, \"une honetan txirrindularitzaren munduak bizi duen egoera dela-eta, benetan harro egoteko gauza dela esan daiteke, eta aurten borrokan jarraituko dugu aurkezten ditugun gazte hauekin\".

Talde gaztea

23 urtez azpikoen mailan egin du apustu aurten ere Cafés Baquék. 15 txirrindularik osatutako taldea aurkeztu zuen martitzenean: Alex Garcia, Jon Quintanilla, Diego Leon Cuervo, Andoni Aguirre, Ierai Solaguren, David Antón, Josu Ibarluzea, Mario Arranz, Javier Lopez de Las Hazas, Jokin Morentin, Jon Gonzalez Vadillo, Victor Puertas, Jon Oria, Elias Damián Pereira eta Roman José Mastrangelo dira taldekideak. Zerrenda azken biak Argentinatik datoz, eta beste bost Madril ingurutik. Marino Lejarreta oso pozik agertu zen Cafés Baquék egindako gonpidapenagatik. \"Baquék harrobiko txirrindularitzarekin aurrera eraman duen lana zoragarria da, eta gazte hauen alde egiten duena guztiz txalotzekoa da\", adierazi zuen berriztarrak. Bere ustez, \"talde honegaz lasterketetan presente egon eta lan ona egitea izan behar da helburua, eta garaipenak etortzen badira oso pozgarriak izango dira\".
ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!