Gobernu taldeak aurrekontu "xumeak" proposatu ditu

Anboto 2011ko ots. 11a, 09:21

Gobernu taldeak 2011ko aurrekontuen zirriborroa aurkeztu du. Iaz 33,6 milioi eurokoak baziren, aurten 28,9 milioikoak dira (%13 gutxiago). \"Krisiaren eragina aurten ere nabaritu da\", azaldu du Aitziber Irigoras alkateak.

Gobernu taldeak 2011ko aurrekontuen zirriborroa aurkeztu du. Iaz 33,6 milioi eurokoak baziren, aurten 28,9 milioikoak dira (%13 gutxiago). \"Krisiaren eragina aurten ere nabaritu da\", azaldu du Aitziber Irigoras alkateak. Beraz, zirriborro \"xumeagoa\" osatzeko orduan \"gastuak izozten saiatu\" dira, eta inbertsioak hainbat urterako luzatzen diren proiektuetan kontzentratu dituzte; hain zuzen ere, San Faustoko zentro zibikorako 1.472.000 milioi euro gorde dituzte, eta Urki-Hegoaldeko errepide-lotunea egiteko milioi bat euro.

Hitzarmenei eutsi diete

Orain arte adostutako \"hitzarmenei eusten\" saiatu direla azpimarratu dute, eta berri batzuk ere proposatu dituzte: kirol arloan 18.000 eurokoa Durango Rugby Taldeari (25. urteurreneko ekitaldietarako) eta 30.000 eurokoa Tabirakori (EBA mailako estreinako urtean laguntzeko); gizarte-ekintza sailean, berriz, JAED eta Caritasi diru-laguntza gehitu diete, %28an, \"badakigulako iaz euren gastuei aurre egin ezinda ibili zirela\". Ekonomia arloari dagokionez, komertzioei bideratutako laguntzak %11 igotzea proposatu dute. Bestalde, doikuntza alkatetza eremutik eta jaietako diru-ataletik (%9 gutxiago) etorri dira. Aurreratu dutenez, proposamena otsailaren 22ko udalbatzarrean aurkeztu gura dute.
ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!