Berbertan: elkarrizketatzaile zorrotzak eta zeresan handiko elkarrizketatuak Plateruenean

Anboto 2011ko ots. 4a, 10:24

Euskal Herriko kulturgintzari dagokionez eskarmentu eta zeresan handikoak diren sei lagun bilduko dituzte Plateruenean lehenengoz antolatu duten \'Berbertan\' ekimenerako. Benito Lertxundi eta Pako Aristi dira lehenengo gonbidatuak.

Kulturgintza izango du ardatz Plateruena kafe antzokian aurten lehenengoz antolatu duten Berbertan ekimenak. Antolatzaileen berbetan, datozen urteetan ere \"negu partean egiteko bokazioz sortu\" den elkarrizketa zikloa da berau. Estreinako edizio honetan, zeresan handiko hiru sortzaile ekarriko dituzte Durangora, kulturgintzaren hainbat alderdi jorratzeko helburuagaz: Benito Lertxundi musikaria, Jon Sarasua idazle eta irakaslea, eta Edurne Brouard AEK-ko kidea dira edizio honetako gonbidatuak. Hiru gonbidatuek Euskal Herriko kulturgintzaren gainean euren esperientziatik jardun dezaten, euskarazko komunikabideetan diharduten beste hiru elkarrizketatzaile deitu dituzte; kazetariak eta herri-kulturgintzaren hainbat esparru barrutik ezagutzen dituztenak dira: Pako Aristik, Amets Arzallusek eta Maddalen Iriartek bideratuko dituzte saioak. Azken urteetan egiten diharduten eran, euskarazko herri-kulturgintza sustatzeko asmoagaz abiatuko du ekimen berri hau Plateruenak; kulturgileak euren esperientzia eta iritziei buruz kafe antzokian bertan, bertatik bertara izan eta eskaintzeko. Berbertan saioak gidatuko dituzten elkarrizketatzaileek proposatuko duten bidetik, besteak beste, euskarazko kulturgintzari lotuta beti, sorkuntzaren, zabalkundearen, herri-mugimenduen eta abarren gaineko gogoetak mahai-gaineratu ahal izango dituzte elkarrizketatu, parte-hartzaile zein entzuleek eurek ere. Otsailaren 10ean da ekimenaren lehenengo hitzordua, eta otsailaren 17an eta martxoaren 3an dira hurengo biak. Saio guztiak Plateruenean, 20:00etan hasita.
ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!