Lehenengo postuetan mantentzeko borrokan

Anboto 2011ko ots. 6a, 10:00

Gaur partidu erakargarria ikusi dezake Tabirara hurbiltzen denak. Kulturalak ligako bigarren sailkatua hartuko du etxean; Sestao River, hain zuzen ere.

Gaur partidu erakargarria ikusi dezake Tabirara hurbiltzen denak. Kulturalak ligako bigarren sailkatua hartuko du etxean; Sestao River, hain zuzen ere. Ikuskizun ona izateaz gainera, partida erabakigarria ere izan daiteke, beraz. Domekan irabaziz gero, bigarren postutik puntu bakarrera geratuko da Kulturala. Joaneko partiduan Kulturalak 1-2 irabazi zuen; Sestao River mendeku gosez etorriko dela aurreikusi liteke. Orain artean, etxean baino hobeto moldatu dira Tabiratik urrun Intxaurragaren mutilak. Izan ere, jokoan egon diren 33 puntuetatik 26 lortu dituzte; etxetik kanpora ligako talderik onena da Durangokoa. Ezin daiteke esan etxean txarto dabilenik taldea, baina jasandako bost porrotetatik lau etxean jaso dituzte. Argi dago, beraz, non dabilen sendoago Kulturala. Durangoko Kulturalaren azken biktima Santurtzi izan da. 23. jardunaldian jokaturiko partiduan 0-1 gailendu zen talde durangarra. Lehenengo zatia amaitzear zela, Eneko Gorroñok sarturiko golari esker Durangoko Kulturalak hiru puntuak lortu zituen. Bigarren zatian aurrera egin zuen Santurtzik eta berdinketa lortzen saiatu zen; 62. minutuan Basauri atezainak bere trebezia erakutsi behar izan zuen. Kulturalak 10 jokalarirekin amaitu behar izan zuen partidua, gainera; 86.minutuan Muxik bigarren txartel horia ikusi zuen. Hala ere, emaitzari eutsi eta hiru puntuak ekartzea lortu zuen Kulturalak. Bestalde, gainerako mailei dagokienez, denetarik egon da. Ohorezko mailan, Berrizek porrot latza (0-4) jaso zuen etxean San Pedroren aurka; azken postuan jarraitzen dute berriztarrek. Goren mailan, ostera, Elorriok 5-2 irabazi zion Ortuellari; garaipen horri esker, lehenengo postuetan jarraitzen du Elorrioko taldeak. Lehenengo erregionalean, berriz, Iurretakok 2-1 irabazi zion Berriatukori; Zalduak husna berdindu zuen Ibarsusirekin.
ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!