Euskadiko Ikasleen Orkestran, 16 kide Durangon hautatuak

Anboto 2011ko urt. 31a, 12:41

Durangoko Musika Eskola eta Kontserbatorioko 16 ikasle aukeratu dituzte kide izateko Euskadiko Ikasleen Orkestran (EIO) eta Gazte Ikasleen Orkestran (EIO Gazte).

Durangoko Musika Eskola eta Kontserbatorioko 16 ikasle aukeratu dituzte kide izateko Euskadiko Ikasleen Orkestran (EIO) eta Gazte Ikasleen Orkestran (EIO Gazte). Musika egitasmoa hau Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak sustatu eta zuzentzen du. Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak deialdia egin du, hirugarren urtez, Euskadiko Ikasleen Orkestrako kide izateko. Izan ere, orkestrako partaide izan daitezke EAEko kontserbatorio edota musika eskoletako 18 urte arteko ikasleak. Aurten, berrikuntza bat dago: bigarren orkestra eratuko da, Gazte izenekoa, eta 12-16 urte bitarteko ikasleek osatuta egongo da. Orkestra bietan sartzeko probetan 220 bat ikaslek hartu dute parte, EAEko 15 kontserbatorio edo musika eskoletatik etorritakoak. Gazte Orkestrarako aukeraturiko ikasleen artean, 13 Durangoko Musika Eskola/Kontserbatoriokoak dira eta, bertakoak dira, halaber, nagusiagoen Euskadiko Orkestran hartu dituzten hiru ikasle-neska. Horrela bada, Bilbo, Donostia eta Gasteizko kontserbatorioen ondoren, aurkeztu diren guztietatik, Durangokoak eman die ikasle gehien orkestra biei. Asteburu batzuetako saioen ondoren, orkestra biek kontzertuak emango dituzte zenbait hiritan. Nagusien orkestrak Bernaola eta Beethovenen lanak joko ditu Donostiako Kursaalean, Bilbo eta Gasteizko Kontserbatorioetan eta Zaragozako auditorio ikusgarrian. Bestalde, Gazte Orkestrak Gasteizko Musikaldian joko du, EAEko musika eskolek ospatzen duten jaialdian, hain zuzen ere.
ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!