Zapatuan (20:00) eta domekan (19:00), Durangoko San Agustinen emanaldi bitan estreinatuko dute.
Taldearen entsegu-lekua zenean, Durangoko institutuan, 2002an estreinatu zuten Prostibuloa antzezlanaren \"deseraikitze\" batetik sortu dute Karrikako \"nagusien taldekoek\" Hau ez da Kalkuta. Zapatuan (20:00) eta domekan (19:00), Durangoko San Agustinen emanaldi bitan estreinatuko dute.
Hogeitamar lagunek baino gehiagok osatzen duten taldearen hasierako urteetan, Durangoko Institutuan aurkeztu zuten Prostibuloa antzezlanaren berrinterpretazioa osatu du Karrika antzerki taldeko \"nagusien taldeak\". Hau ez da Kalkuta izenagaz aurkeztuko dute obra urtarrilaren 15 eta 16an, azken urteetan entsegu-leku izan duten San Agustin kulturgunean.
Aurkezpenean Joana Ocaña taldekideak kontatu duenez, 2002an Durangoko Instituan estreinatu zuten Prostibuloa obra da lan berri horren oinarria: Karrika antzerki taldekoek institutuko areto nagusian entseatzen zuten garaiko antzezlana hartu dute Hau ez da Kalkuta sortzeko.
Obra hura berreskuratu dute, \"urte hauetan geuri gertatu zaigun moduan, obrari ere heldutasun puntu hori emateko\". Orain zortzi urteko gidoiaren parte batzuk mantendu egin dituzte, eta aldatu beste batzuk; orduan antzezle zirenetariko hainbatek hartzen du parte antzezlanaren berrinterpretazio honetan; batzuek paperak aldatu dituzte eta antzezle berriak ere sartu dira emanaldietarako.
Karrikakoek oholtzan sortuko duten esparrua, asteburu honetako estreinaldian ikusle guztiei eskainiko dietena, Santa Ageda auzuneko Barrenkale kalea eta Hau ez da Kalkuta izeneko dendatxoa dira.
Baina, batez ere, dendako bezeroak diren emakumeak dira zapatuko eta domekako San Agustingo emanaldiko protagonistak: \"Guztiak putak dira, baina bakoitzak bere amets eta gogo jakinak ditu, eta bizitza horiek islatzen ditugu\", azaldu digu Joana Ocañak. Maite Lopez antzezleak nabarmendu duenez, \"pertsonaietan zentratzen saiatu gara\". Ocaña kideak gaineratu duenez, \"pertsonaia horien azalean jartzea, bizitza horien gordintasuna barneratzea eta zelan irudikatu gogoeta egitea\" izan da prozesua.
Deseraikiz sortu
Txotxe zuzendariak azaldu duenez, pertsonaia ardatz hartzen duena,\"barrura begirako\" lana da Hau ez da Kalkuta, baina taldeak orain arte osatu izan dituen lanetan legez, espektakuluaren eraikuntza plastiko zein eszenografikoa ere landu dute. \"Akaso\", dio zuzendariak, \"espektakulu kontzeptuan baino sakonago egin dugu lan oraingoan pertsonaiaren eta antzezpenaren arloan\".
Aurreko antzezlanean bakarrizketa erakoa zen formatua: emakume bakoitzaren bizipenak modu indibidualean eskaintzen zituzten. Lanaren berreraikitzeagaz, emakumeen arteko harremanak gura izan dituzte islatu, eta kalea, auzoa, emakumeon elkarguneak ere erakutsi.
\"Urteetan elkarrekin lan egin duten partaide finkoekin, talde amateur egonkor baten bidea nahi genuke ikuskizun honen bitartez jorratzea\", azpimarratu du Txotxe zuzendariak. Orain arte ere Karrika, ekoizpen gaitasun handia izan duen taldea izan den arren, \"beti mugatu izan gara asko Durangaldera, eta ikuskizun honen bitartez muga horiek gainditu eta gure lana Euskal Herrian zehar ezagutaraztea dugu helburua\", azaldu du taldeko zuzendariak.
Hau ez da Kalkuta antzezlana \"berezia\" dela azpimarratu du Nazaret Froufe antzezleak ere aurkezpenean: \"Lehenengo aldia baita aurretik oholtzaratutako lan bat berriro hartu eta bere gainean lan egiten duguna\". Hamarkada honetan Karrikan egindako ibilbidearen isla eta taldearen gaur egungo lekua topatzeko saiakera da obra, Frouferen berbetan. \"Uste dut metamorfosi batean dagoela Karrika, eta taldeko nagusienek nondik joko dugun pista bat izan daiteke obra hau\", gehitu du.
Ikuskizuneko musika Ekaitz Aiartzaguenak ikuskizunerako beren-beregi sortu izana ere nabarmendu dute aurkezpenean.
Zapatuan eta domekan, San Agustingo ikusleagaz hartu-emanean ipintzen dutenean hartuko du lanak dimentsio osoa, zuzendariak nabarmendu duen moduan. Durangoko kulturgunean urteko lehenengo emanaldia izango Hau ez da Kalkuta antzezlana; emanaldi bi egingo dituzte asteburuan.