Gaztetxoei errugbia ezagutarazteko ekimena hilaren 27tik 30era

Anboto 2010ko abe. 21a, 09:00

Errugbia oinarri hartuta, besteak beste, eskaladan eta izotz pistan aritzeko aukera izango dute 8-14 urte arteko gazteek.

Errugbia oinarri hartuta, besteak beste, eskaladan eta izotz pistan aritzeko aukera izango dute 8-14 urte arteko gazteek. Durango Rugby Taldeak eta Sukia Rugby Eskolak Errugbi Gabonak 2010 izeneko ekimena antolatu dute abenduaren 27tik 30era. Goizero (10:00etatik 13:30era) 8-14 urte arteko gaztetxoei bideratutako ekimenak burutuko dituzte helburu bigaz. Batetik, gurasoei alternatiba bat eskaini nahi diete seme-alabek Gabonetako oporretan kirola praktikatu dezaten; bestetik, errugbia ezagutarazi gura dute. Izena-emateko azken eguna hilaren 23a da www.durangorugby.com webgunean. Izen-ematea 40 euro den arren, anai-arrebak apuntatuz gero \"deskontuak egingo ditugu\", azaldu du Aratz Gallastegi ekimeneko antolatzaileetako batek. Durangarrak zein eskualde osoko gazteak apuntatu daitezke. Oraindik ez dute zehaztu egun bakoitzean zer jarduera gauzatuko duten, baina errugbiaz gainera (Tag modalitatea) Durangok eskaintzen dituen ekimen eta azpiegiturak baliatuko dituzte. Horrela, eskalatzera, igerilekura eta izotz pistara joango dira gaztetxoak eta, autobus bat hartuz, txango bat egiteko asmoa ere badute. [img]http://www.anboto.org/images/8600/8624/1.jpg[/img] Egunero ekimen desberdin batekin entretenitu ahal izango dute gazteek, baina egun denetan errugbiari lotutako ekintzaren bat ere egongo da. Tag errugbiak du arrakastarik gehien, baina bestelako jarduerarik ez dute baztertzen: \"Ikusiko dugu. Izena ematen duten gaztetxoen adina kontuan hartu behar da eta euria egiten badu aterperen batera joan beharko dugu. Egunean-egunean erabakiko dugu errugbia zelan landu\", dio Gallastegik. Errugbi eskola Ekimen honekin errugbia ezagutu nahi duten gaztetxoak Arripausuetan batuko dira egunero. Hala ere, Sukia Rugby Eskolak badaki, inor etorri zain egon beharrean, iniziatiba hartu eta tokian tokiko ikastetxeetan errugbia ezagutarazten. Iaz Durangoko lau ikastetxe bisitatu zituzten (Landako eskola, Fray Juan De Zumarraga institutua, Kurutziaga ikastola eta Jesuitak ikastetxea) eta aurten, esparrua zabalduz, Durangaldeko beste hainbat zentrotan ibili dira: Berriz, Iurreta eta Traña-Matienako ikastetxeetan, hain zuzen. Gaur egun, 30 bat gaztetxo daude errubgi eskolan eta \"apurka hazten ari gara\" dio baikor Gallastegik: \"Traña-Matienako gaztetxo batzuk errubgi eskolan izena eman dute, beraz ekimena emaitza onak ematen ari dela ikusten dugu. Hala ere, oraindik lan handia dago egiteko; esaterako, gaztetxo askok futbol amerikanoagaz lotzen dute hemengo errugbia. Horrek erakusten du erronka handia dugula aurretik\". Ikastetxe guztietan DRTk prestatutako launa DVD ere uzten dituzte. Bertan gaztetxoekin errugbia praktikatzeko irakaspen prozesua zein den azaltzen dute. Horregaz batera, tag errugbian aritzeko materiala ere banatzen dute: \"Helburua zentro bakoitzak bere kirol programan errugbia txertatzeko baliabideak eskaintzea da\".
ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!