Laudio, Sestao River eta Durangoko Kulturalak ezin izan dute irabazi asteburuan.
Hirugarren mailako lehenengo hiru sailkatuek huts egin dute asteburuan eta atzetik datozenek sailkapena estutzeko baliatu dute 17. jardunaldia.
Durangoko Kulturalak 0-1 galdu zuen etxean Arenas taldearen kontra. Partidu hori izan zen Durangoko taldea aurkariaren atea zulatu barik geratu zen laugarren aldia aurtengo denboraldian. Axier Intxaurragak zuzendutako taldea ez da urte amaierara sasoirik beteenean heldu eta azkenengo lau partiduetatik hiru galdu eta bakarra irabazi du.
Dena dela, Durangoko Kulturalalak play-off postuetan jarraitzen du. Hala ere, Beasain hiru puntura hurreratu zaio. Datorren asteburuan Amorebietaren kontra jokatuko du Durangoko taldeak. Partidu beroa eta lehiatua izango da talde biak play-off postuan daudelako.
Laudio eta Sestao Riverrek ere ezin izan zituzten hiru puntuak batu. Laudio liderrak inork espero ez zuen porrota jaso zuen etxean Elgoibar azkenengo sailkatuaren kontra (0-2). Sestao Riverrek bina berdindu zuen Las Llanasen Amurrioren kontra.