Segoviako La Esteva taldea Durangon gaur, Kriskitin dantza taldeak gonbidatuta

Anboto 2010ko abe. 11a, 10:00

Gaztelako folklorea bildu, aztertu eta gordetzen lan egiten duen La Esteva taldea gonbidatu du aurten Durangon Folk emanaldira Kriskitin dantza taldeak.

Gaztelako folklorea bildu, aztertu eta gordetzen lan egiten duen La Esteva taldea gonbidatu du aurten Durangon Folk emanaldira Kriskitin dantza taldeak. Gaur, 20:00etan, eskainiko dute dantza talde biek Plateruena kafe antzokian emanaldia. Kriskitin dantza talde durangarrak beste folklore eta kultura batzuk plazaratzeko helburuagaz Durangon Folk antolatu duena hamaikagarren edizioa da aurtengoa. Herrien arteko hartu-emana eta ezagutza bultzatzeko bidea izan da azken urteetan Durangon Folk: besteak beste, Galizia, Katalunia, Menorka, Murtzia, Zaragoza, Burgos edo Malaga lako lekuetako folklore taldeen bisita jaso dute Durangon. Orain hamabi urte, Galeusca Folk izenagaz antolatu zuen Kriskitinek jaialdi hau lehenengoz: Galizia eta Kataluniako dantzariak etorri ziren lehenengo edizio hartan bisitan. Dantzariekin batera, dultzaina eta danborra jotzen duten musikariek osatzen dute 1987an sortutako La Esteva taldea; belaunaldiz belaunaldi, gaztelako herrialde hartako dantza gordetzeko lana burutu duena. Orain urte batzuk Kriskitineko dantzariek Segoviara egin zuten bidaiaren itzulerako norazkoan, Durangora datoz segoviarrak euren dantzak erakustera oraingoan. Plateruenean da zita.
ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!