Salmenta eta helburuei eutsi die Azokak

Anboto 2010ko abe. 9a, 10:34

Balorazioa egiteko aprobetxatu zuten azken eguna Gerediaga elkartekoek.

Balorazioa egiteko aprobetxatu zuten azken eguna Gerediaga elkartekoek. Balorazioa egiteko prentsaurrekoa eman zuten eguerdian Jon Irazabal Azokako zuzendariak, Nerea Mujika Gerediagako lehendakariak eta Gotzon Barandiaran Ahotseneako kideak. Azokak ezaugarri eta helburu nagusiei eusten diela esan zuten, baina aldatu dela eta aldatu daitekeela ere azpimarratu dute. Horren adibidetzat ipini dituzte Azoka TB, Ahotsenea, Haur Literatur Aretoa, internet... \"guztiek Azokaren funtsa indartzeko balio dutela inoiz baino argiago erakutsi dute edizio honetan\", euren ustez. Ahotsenearen kasuan, \"jakinmina handitu\" dela eta momentu askotan karpa txiki geratu dela komentatu dute. Haur Literatur Aretoak aurten leku berria izan du Elkartegian, eta gune handiagoa eta erosoagoa izan dela diote. Azoka TBn lanean ibili dira ETB3, GoienaTB eta Hamaika; euren bidez mundu osora zuzenean zabaldu seinalea. Internetek ere arrakasta izan du: 25.000 bisita izan ditu Azokak web eta sare sozialak kontuan hartuta. Salmentak, iaztik, mantendu egin direla azaldu dute prentsaurrean. Kenzazpi, Zea Mays, Bide Ertzean, Anjel Lertxundi, Arantxa Urretabizkaia, Pirritx, Porrotx eta Marimotots... hainbat ekoizle daude salduenen artean. Bost egunez jendetza batu da Durangon, bai Azokan bai kaleetan. Asteburuko eguraldi hotz eta bustia joanda, astelehenetik hona bisitari kopurua nabarmen igo da, eta astelehenean adibidez, inoizko jendetza handiena batu zela azaldu dute antolatzaileek. Azoka egiten lagundu duten guztiei eskerrak eman dizkie Gerediagak, eta Xabier Leteri aipamen berezia egin dio Azokako ohiko parte-hartzailea izan zelako. Barikuan hil zen poeta.
ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!