Hirugarren aldia izango du aurtengoa sortzaileen eta zaleen arteko elkargune izan gura duen Ahotseneak; aurkezpen, kantaldi eta solasaldiekin, 40 ekitaldi inguru izango dira abenduaren 5etik 8ra bitartean.
Hirugarren aldia izango du aurtengoa sortzaileen eta zaleen arteko elkargune izan gura duen Ahotseneak; aurkezpen, kantaldi eta solasaldiekin, 40 ekitaldi inguru izango dira abenduaren 5etik 8ra bitartean.
Durangoko Liburu eta Disko Azokan gune ia berria da Ahotsenea, baina urtez urte sendotzen doan egitasmoa da. Gero eta ekitaldi gehiago antolatu dituzte edizioak pasatu ahala, eta Azokara hurreratzen direnentzat ere gero eta erreferentzia ikusgarriagoa da. Aukera ona da produktuak erosi aurretik zuzenean ikusi edo ezagutzeko. Gainera, sortzaileen eta zaleen arteko hartu-emana bultzatzen duela esan daiteke. Ekimen independente, profesional eta autonomoa da Ahotsenea.
Bi funtzio
Azoka alboko karpan, bi ataletan banatu ohi dute gune hau: alde batetik, aurkezpenak eta solasaldiak egiteko eremua –batez ere, idazleei begira, baina baita musikarientzat ere–; bestetik, emanaldiak zuzenean eskaintzeko eremua. Horretarako, egun osoan martxan izango dituzte talde eta material teknikoak, eta tarte laburraren barruan emanaldi batetik bestera pasatu gaitezke. Normalean, kontzertuek edo ikuskizunek ez dute ordu erditik gora irauten. Azokara bertaratzen direnentzako dosi labur eta freskagarriak eskaintzen ditu sortzaileen guneak, horrenbestez.
Domekan, hilaren 5ean, hasiko dute egitaraua, eta eguaztenera arte makina bat idazle eta abeslarik hartuko dute Ahotseneako lekukoa; goizeko 10:30etik hasita iluntzera arte, etenik barik garatuko da programa. 2010eko produkzioak aurkeztuko dituzte Ahotseneako parte-hartzaileek.
Besteak beste, Bide Ertzean, Seiren eta Jon Enbeitaren kantaldiak; Jon Benito, Irati Jimenez eta Jon Arretxeren liburu aurkezpenak; Arantxa Urretabizkaia eta Asier Serranoren errezitaldiak; Ur Apalategi eta Patxi Zubizarretaren irakurraldiak... musikazaleek eta literaturazaleek badaukate non aukeratu.
Etxekoen aurkezpenak
Durangaldeko sortzaile batzuek ere egingo dituzte euren agerpenak Ahotseneako karpan. Mongok abenduaren 5ean, 17:00etan, aurkeztuko du kantaldian bere disko berria: Dirua, ze gezurra izenekoa. Xabier Amuriza ere ez da faltako aurtengo Azokan, eta bere azken ekoizpenaz hilaren 7an egingo du berba, eguerdiko 14:00etan. Azken egunean, abenduaren 8an, Berrizko Zain taldea igoko da Ahotseneako eskenatokira, XXI. mendeko piratak diskoko abestiak zuzenean jotzeko. 12:30ean dute talde honen zaleek hitzordua. Joseba Sarrionandiaren Moroak gara behelaino artean? liburuak ere izango du lekua hilaren 8ko egitarauan; eguerdiko 15:00etan izango da aurkezpena.