Platerueneko zuzeneko eskaintza, musika estilo askoren uztartzea

Anboto 2010ko abe. 3a, 09:13

Disko berrien aurkezpenez gainera, deneriko ekitaldi eta hartu-emanetarako topaleku izango da aurten ere Plateruena kafe antzokia; Esne Beltzak emango dio hasiera gaur egitarauari.

Disko berrien aurkezpenez gainera, deneriko ekitaldi eta hartu-emanetarako topaleku izango da aurten ere Plateruena kafe antzokia; \'Iparraldea zuzenean\' deituriko ziklo bereziaren baitan, berbarako, hainbat kantari eta taldek girotuko du Azoka ondoko kulturgunea. Esne Beltza taldea izango da lehena Platerueneko eszenatokia zapaltzen, gaur, 22:00etan. Noa disko berria aurkezteko baliatuko dute gaurko hitzordua Xabi Solano eta bere lagunek. Bihar, zapatua, Kenzazpiren txanda izango da, Ortzemugak begietan plazaratzeko. Sentipenak, argiak, urruneko soinuak... kontzertu berezia izango da segurutik. Astelehenean Atom Rhumba eta Audiencek rocka ekarriko dute Durangora, baina beste hainbat estilotatik edanez eta proposamen ausartak eginez. Lehenek Gargantuan Melee erakutsiko dute. Martitzenean, Txuma Murugarren eta Bide Ertzean ikusteko aukera izango da; doinu lasaiagoak planteatuko dizkigute. B aldeko kantuak eta Don Inor ez diskoak dakartzate besapean, hurrenez hurren.

Eguneko ekitaldiak

Patxi ta Konpainia taldea izango da lehenengoa eguerdietako egitarauan. Abenduaren 5ean musikagaz eta dantzagaz dugu hitzordua; izan ere, hainbat dantza eta pausu erakustera etorriko dira Patxi eta lagunak, 13:00etan. Hurrengo egunean, hilaren 6an, Kalakan hirukotea ariko da: Thierry Biscaryk, Jamixel Bereauk eta Paxkal Indok osatutako taldeak lehenengo lana aurkeztuko du, 13:00etan; perkusioa, ahotsa, erritmoa eta melodia bateratzen dituzte euren emankizunetan. Abenduaren 7an bi emanaldi eskainiko dituzte: Beñat Achiary & Michelle Queille eta Mixel Etxekopar & Francois Rossé. Achiaryk, 13:00etan, Larrosaren salbaiak aurkeztuko du. Jon Mirande, Josean Artze, Auxtin Zamora eta Manex Lanatuaren poesiak oinarri hartu ditu oraingoan, eta pianoan lagun egingo dio Queillek. Etxekoparrek, bere aldetik, Transhumantzia diskoa taularatuko du, 14:00etan. Zuberotarrak Rossé alsaziarraren laguntza izango du, pianoan. Bestalde, Azokako egitarauagaz amaitzeko, kontzertua emango du Korrontzik abenduaren 8an, Oinkari dantza taldeagaz batera.
ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!