Tartean Zerbitzuak konpainian batuta, Patxo Telleria eta Mikel Martinez aktoreen eta Jokin Oregi gidoigile eta zuzendariaren elkarlanetik jaiotako lehenengo lana da abenduaren 7an, 20:00eatn Durangoko San Agustinen aurkeztuko duten L-K-M (Larria, Kutsakorra, Mendebaldekoa) antzezlana.
Mikel Martinezek gorpuzten dituen hiru pertsonaia protagonista dituen antzezlana, \"farmazeutiken gaiaren ingurukoa\" dela aurreratu du zuzendari eta gidoigile lanak burutu dituen Jokin Oregik aurkezpenean. Kezka batetik sortutakoa dela antzezlanaren gaia azaldu du Oregik, \"batez ere orain urtebeteko A gripearen inguruko gertaerekin oso ukituta geratu nintzen: ez nekien gure seme-alabei txertoa eman ala ez... izugarrizko beldurra sortu zeneta zalantza bat bururatu: \'ez ote gara laborategiko arratoi bilakatu\'\"?
Oinarrizko ideia horretatik abiatuta landu eta osatu dute urtebetean zehar bakarrizketa lana, eta
\"produktu berriak frogatzen diharduen farmazeutika baten esperimentu pribatu bat\", oholtzaratzen dute abenduaren 7an estreinatuko duten obran. Mikel Martinez aktoreak gorpuzten ditu antzezlaneko hiru pertsonaiak. Osasuna zelan negozio bilakatu duten ikustean, \"publikoagaz kezka hori konpartitzea da gura izan duguna\" dio Oregik, \"eta jendea izaera kritikoa mantentzera gonbidatu\".
\"Larria, kutsakorra, mendebaldekoa\", Martinezek aurreratu duenez, \"komedia barbaroa da; benetan oso exageratua delako, eta jendeak barre asko egingo duelako, baina baita gai potolo eta barbaro baten ingurukoa delako\". Kontraste hori bilatu gura izan dute antzezlanagaz: \"jendeak barre egin dezala, baina antzokitik ateratzerakoan pentsa dezala, \'hau ez da barre egitekoa, hau gauza serioa da\'\".
Egoera bera oso era ezberdinean bizi duten hiru pertsonaiaren papera egiten du Martinezek, \"eta hor joko oso polita sortzen da testuan, eszenaratzean...\", nabarmendu du aurkezpenean, \"gero, antzezlanaren bilakaera ikusten da pertsonaia horiek ez direla hasieran ematen zuen modukoak\".
ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.
EGIN ZAITEZ KIDE!