Espainiako legebiltzarreko lege dekretua Durangoko udaleko langileei aplikatzea onartu dute osoko bilkuran, EAJ eta PSEren aldeko botoekin. Bozkaketa egin aurretik langileek hitza hartu gura izan dute baina ez diete utzi eta pleno aretotik irten arazi dituzte.
Espainiako legebiltzarrak onartutako lege dekretua eztabaidatu dute Durangoko udalbatzan, eta udaleko langileen soldatak murriztea onartu dute. EAJk eta PSEk alde bozkatu dute, PP abstenitu egin da eta Talde Mistoak eta Aralarrek kontrako botoa eman dute. Udal langileek protesta egiteko pleno areotan izan dira baina ez diete berba egiten utzi eta kaleratu egin dituzte.
Talde Mistoak eta Aralarrek soldaten jaitsieraren kontra bozkatu dute. Aralarreko bozeramaile Dani Maeztuk esan du Espainiako estatua defizitari buelta emoteko gastuetan oinarritu dela eta diru sarreretan hartu beharko liratekeela neurriak. Aralarreko kideak gaineratu du \"hainbat urtetako beharragaz lortutako eskubideak\" urratzen dituela dekretuak, eta neurri horregaz udalak eta sindikatuak onartutako Udalit akordioaren kontra egiten duela.
Talde mistoak ere dekretua aplikatzearen kontra bozkatu du. Udala \"derrigortuta\" dagoela jakin arren neurri honekin bat ere ados ez daudela azaldu du Ritxar Alberdi talde mistoko bozeramaileak: \"Krisia orain dela bi urte hasi zenean Madrilgo gobernuak bankuak eta enpresa handiak babestu zituen, eta ordutik hartutako neurriak herritarren kalterako baino ez dira izan\".
Alderdi sozialistak argudiatu du neurria arrazoizkoa dela eta udalak daukan zorra gutxitzeko bide bat ere izango dela. 300.000 euro aurreztuko ditu udalak soldaten murrizketagaz.
Horretara derrigortuta
Alderdi popularra, bere aldetik, abstenitu egin da bozkaketan. PPko bozeramaile Juanjo Gaztañazatorrek azaldu du Espainiako parlamentuan dekretuaren konta agertu zela bere alderdia, eta ez daudela neurriaren alde, baina lege dekretuak derrigorrez bete behar direnez abstentzioaren bidea hartu dutela.
EAJk aldeko botoa eman du \"horretara derrigortuta\" dagoelako. Jeltzaleen bozeramaileak esan du gaia ez dela atsegina eta gainera udalean badagoela dirua soladatak mantentzeko, baina lege dekretua denez, udala derrigortuta dagoela soldaten jaitsiera onartzera. Gaineratu du EAJk \"erraza dela oposizioaren aldetik bete beharreko lege baten kontra egitea, baina EAJk alde bozkatzea besterik ezin duela egin\".
Atzoko udalbatzara Durangoko udaleko 15-20 langile sartu ziren soldaten murrizketen kontra protesta egitera. Bozketa egin aurretik hitza hartu gura izan zuten baina ez zieten utzi, eta pleno aretotik irten behar izan ziren.