Koldo Garcia lezoarrak hainbat emakumek ehuna erabiliz sortu duten erakusketaren berri eman digu; nobedadea den arren, ez da bera Durangora datorren estreinakoa. Zer ikusi ahal izango da zuen erakusketan? Patchwork teknikan eta orokorrean ehungintza artistikoan oinarritutakoa izango da. Horren adibide txiki bat emango dugu. Hiru zatitan banatuko dugu: lehenengoa, Oreretako Xenpelar Patchwork tailerreko 30 ikaslek osatutako ipuin kolektiboa da, bakoitzak bineta propioa sortuz; bigarrena nik egindako lan pertsonalek osatuko dute, eta hirugarrena Patricia Rapsonena izango da. Azken honek estilo oso berezia du lan egiteko; sormen handia du, eta metodo tradizionalagaz alderatuz gauza berritzaileak egiten ditu, nik uste. [imgd]http://www.anboto.org/images/8500/8531/1.jpg[/imgd] Nondik dator ekimen hau egiteko ideia? Emakumeek aspalditik egindako lanak -jostea, adibidez- urteetan ez dira kontsideratu lan profesional, eta horregatik, gizarte mailan ez ohi dira artisau-lan moduan hartzen. Kultura femenino hori, lan eta forma konkretuekin, galtzen dabilela uste dugu, eta penagarria iruditzen zaigu. Ideia honi bueltak emanez sortu zen Artisautza Azokarako egitasmoa. Kontaiguzu zein den Patchworkaren ibilbidea. AEBetatik datorren moda bat da, moda guztiak bezala. Baina, berez, bere sorrera birziklapenean dago; eremu txiroetan izara edo mantak egiteko askotariko trapuak jostean sortu zen. Historian zehar egindako lana da: faraoiei ere, momifikatu ondoren, azken kapa bat metodo honekin ipintzen zieten. Izan ere, gune bat isolatzen laguntzen du teknika honek. Lanaren emaitza, erabilgarria ala artistikoa da? Patchworkak, sorkuntzarako aukera eskaintzen du; printzipioz lanari izaera praktiko edo erabilgarria ez zaio aplikatzen, baina artisauaak barruan daukan sorkuntza gaitasuna kalera ateratzeko aukera ematen du. Ezaguna al da metodo hau gure artean? Hemen inguruan, Errioxan garatu izan da batez ere; almazuela berba darabilte han teknika izendatzeko. Euskal Herrian bilatzen ibili izan naiz, eta Artetako museoan aurkitu dut XIX. mendeko piezaren bat, baina ez askoz gehiago. Antzeko zeozer nordikoen estilo ohe-estalkiekin egin izan da, barruan artilea sartuta. Aipatu gura nuke, baita ere, ehun mota batzuk desagertu egin direla denbora igaro ahala, apurtzeko errazak eta garbitzeko gaitzagoak zirelako. Tradizioagaz lotutako gaia da, baina orain, geroago eta gehiago lantzen ari dena. Beraz, zuen erakusketa nobedadetzat hartu daiteke. Bai. Ni egon izan naiz aurreko urteetan ere teknika hau Durangon erakusten, baina lan txikiagoak ziren, postuak berak ere mugatu egiten duelako. Kasu honetan, artelan handiagoak eta garatuagoak ikusi ahal izango dira; horregatik izango da nobedadea aurten, nire iritziz. Noiztik zabiltza mugimendu honetan? Hamar urte daroadaz honetan, 2000. urtean hasi nintzen-eta teknika lantzen. 2003an, Errenteriako Xenpelar tailerrean klaseak ematen hasi nintzen, eta hor dihardut oraindik. Hainbat gauza eta teknika berri agertzen dabil mugimendu honetan, eta, ondorioz, oraindik ere guztiz ezagutzen ez dugun eremu bat da. Patchworka da, beraz, zure lan-eremua. Bai. Horretan dihardut irakasle lanetan, eta lantzean behin azoka eta erakusketetara joaten naiz. Ez naiz beste arte adierazpen batean ere murgildu; Patchworkeko artisaua naiz.