Lehenengo finalerdia irabazita, Enbeitak lortu du BECerako aurreneko txartela

Anboto 2010ko aza. 22a, 11:07

Kopla Barik TB.

Gorka Lazkano laugarren sailkatu zen, eta gaitz izango du finalera pasatzea.

Gorka Lazkano laugarren sailkatu zen, eta gaitz izango du finalera pasatzea. 800 lagunetik gora batu ziren domekan Durangoko Landako Gunean, Bizkaiko Bertsolari Txapelketako lehenengo finalerdia jarraitzeko. Onintza Enbeita muxikarrak eskuratu zuen lehen postua, eta ondorioz, finalerako sailkapen zuzena ere bai. 545 puntu jaso zituen, 8ko txikian eta kartzelan nabarmenduz. Gorka Lazkano berriztarrak saio txukuna egin zuen ofiziotan; 8ko nagusian bera izan zen onena. Puntuari erantzuten eta kartzelako gaian gehiago egin zezakeen, baina orokorrean sentsazio ona eman zuen. Plazan bezala aritu zen, segurtasuna transmitituz. Bere lanak, baina, ez du segurutik saririk izango; zail izango du finalera pasatzea. Domekako bigarren sailkatuaren eta bere artean 45 puntuko aldea dago -gehiegizkoa akaso-, eta tarte horretan, hainbat bertsolari sartu daitezke hurrengo bi finalerdietan. Datorren domekan Zornotzara joango da txapelketa, eta bertan ere Durangaldeko bertsolari bi saiatuko dira BECerako pasea lortzen: Miren Amuriza eta Eneko Abasolo \'Abarkas\'. Ea euren lanak saria jasotzen duen.
ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!