Argizaiola 2010, Imanol Urbieta musikari zarauztarrarentzat

Anboto 2010ko aza. 18a, 14:12

Aurten, Imanol Urbieta (Zarautz, 1934) musikari eta musika irakasleak jasoko du saria Argizaiola saria

Euskararen eta euskal kulturaren alde lan egiten duena goraipatu eta eskertzeko helburuagaz eskaintzen du Argizaiola omen-saria Gerediaga elkarteak Azoka egunetan. Aurten, Imanol Urbieta (Zarautz, 1934) musikari eta musika irakasleak jasoko du saria. Abenduaren 4an, 20:30ean, Durangoko San Agustinen egingo duten \'Gauean argi\' ekitaldian emango dio Gerediaga elkarteak saria Urbietari. Durangoko Atarte kultur elkarteak diseinatu du aurten, gainera, omenaldi ekitaldia. [img]http://www.anboto.org/images/8400/8472/1.jpg[/img] San Agustingo ekitaldikoaz gainera, \"omenaldi digitala\" ere jasoko du Urbietak: imanolurbieta.blogspot.com blogean eskuragarri ipini dituzte haren ekarpenak, zabaldu eta gura duen guztiarentzako eskuragarri izateko. Bereziki Durangoko Azokarako sortu da Interneteko aipatu lekua, baina, gerora ere, Imanol Urbietari buruzko informazioaren gune izango da. Hamabost-hamasei urtegaz hasi zen Zarauzko Musika Plazan jaio zen Urbieta bere kantak sortu eta pianoagaz jotzen. Ordutik, besteak beste, Ez Dok Amairu taldean parte hartu zuen 60ko hamarkadan –musika moldaketak egin zituen–, eta orduko hainbat abeslari bere musikagaz lagundu zituen: umeei zuzendurikoak eta herri kanta bilakatutako asko sortu ditu, eta hezkuntza munduan ere kanten bitartez irakasteko eredua sortu du. Bizi guztia musikak inguratuta eta jendartea musikara gertuarazteko bideen bila eman du Urbietak.
ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!