Erotismoa ardatz eta Kurdistan herrialde gonbidatu Azokan

Anboto 2010ko aza. 18a, 13:30

Abenduaren 4tik 8ra 45. edizioa ospatuko duen Durangoko Liburu eta Disko Azokaren aurkezpena egin dute Landako elkartegian. Erotismoa hartuko dute gai nagusi aurten, eta Kurdistan izango da herrialde gonbidatua. Haur Literatur Aretoak kokaleku berria dauka: Elkartegira daramate. Kurduen hizkuntza eta kultura gertutik ezagutzeko aukera eskainiko du, besteak beste, Durangoko Liburu eta Disko Azokak aurten. Kurduerak eta euskarak dituzten erronkei eta adierazpen askatasunari buruzko mahai-inguruak izango dira, esaterako, azoka egunetan Landako erakustazokan: kurduera hutsez argitaratzen duten Azadiya Welat egunkariko zuzendaria etorriko da, tartean, Durangora. Abenduaren 5eko egitarauan, Kurdistanetik etorritako idazle eta musikariek izango dute Landakon protagonismo nagusia. Durangoko Liburu eta Disko Azokaren abenduaren 4tik 8rako egunetan, Landako Erakustazokako gune askotan izango du Kurdistango kulturak presentzia nabarmena: Euskal Idazleen Elkarteak antolatuta, idazle kurduen eta euskaldunen poesia errezitaldia dator jasota egitarauan. Turkia, Irak, Iran, Siria eta Armenia estatuetan zatituta dagoen estaturik gabeko nazio kurduaren kultura, dantza eta kanten bitartez ere izango da herrialde gonbidatua ezagutzeko aukera: Espainian bizi diren Zinar Ala eta Siwar Ala aktibistek Kurdistango kanta laburrak eta dantzak erakutsiko dizkiete Haur Literatur Aretoan biltzen direnei. Hain justu ere, Haur Literatura Aretoan, umeentzako kokapenean egin du Gerediaga elkarte antolatzaileak aldaketa nabarmenetako bat: Landako Erakustazoka ondoko Elkartegia eraikinean atonduko dute umeentzako prestatutako txokoa. Aurkezpenean Jon Irazabal Azokako zuzendariak kazetarien galderei erantzunez aipatu duenez, iazkoagaz alderatuta %30eko murrizketa izan du aurrekontuak aurten; 500.000 euroko aurrekontuagaz antolatu dute. Hala ere, egitaraua estutu beharra izan dutela onartu arren, aurreko urteetan arrakasta izan duten ekimenak mantentzeko apustua egin du aurten ere Gerediaga elkarteak. Orain urte bi lehenengoz atondu zutenean bezala, karpan egongo da aurten ere Ahotsenea, sortzaileen gunea: publikoaren aurrean zuzenean eta hurbiletik euren lanak aurkeztuko dituzte idazleek eta musikariek bertan. Orotara, 505 argitalpen berri aurkituko ditugu Gerediaga elkarteak antolatu duen Liburu eta Disko Azokaren 45. edizioan, Landako Erakustazokan: horietariko 339 liburuak dira, eta 85 diskoak.

Erotismoa gaitzat

Abenduaren 4an, Maitasunaren arbola izeneko 12:00etako inaugurazio ekitaldian mahaiganeratuko du Joxemari Carrere idazleak aurtengo azokaren gaia. \"Sexu kontuak nola kontatu dituzten lehen eta orain; han eta hemen\" hartuko du berbagai. Gaiagaz lotuta, tailer erotikoa antolatu dute abenduaren 6rako: Erotik Toys jostailu dendako Manex Rekaldek jostailu erotikoen jatorri, ezaugarri eta erabilerak erakutsiko ditu, 19:00etatik aurrera. Abenduaren 7an, 18:30ean, bestalde, Erotismoa sortzaileen begietan gaitzat hartuta eta Paddy Rekaldek moderatuta, mahai-ingurua burutuko dute Ivan del Campok (zine zuzendaria), Kattalin Minerrek (Queer teoriaren jarraitzailea), Ines Osinagak (GOSE taldeko abeslaria), Edorta Jimenezek (idazlea) eta Jon Aranok (komikilaria). Hainbat adierazpen artistikotan jarduten duten euskal sortzaileek, bakoitzak bere esparruan erotismoak zer leku daukan hausnartu eta konpartituko dute, beraz, aurtengo Liburu eta Disko Azokak iraungo duen bost egunetan, eta, gainera, kurduen kultura ezagutzeko aukera ere izango dugu.
ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!