Joseba Tapia: "Bikainak, kantagarriak eta ederrak dira zinez kanta hauek"

Anboto 2010ko aza. 12a, 09:38

Gaur, azaroaren 12an 22:00etan, kontzertuan aurkeztuko du Eta tira eta tunba disko berria Joseba Tapiak, Durangoko Plateruenean. Elkarrizketa honetan aurkeztu digu lana.

Gaur, azaroaren 12an 22:00etan, kontzertuan aurkeztuko du Eta tira eta tunba disko berria Joseba Tapiak, Durangoko Plateruenean. Elkarrizketa honetan aurkeztu digu lana. Zer moduz joan da asteburuko Bartzelonako emanaldia? Ilusio eta gogo handiz joan naiz Bartzelonara. Aretoa betea aurkitu nuen, eta gogoz ekin nion lanari. Gaia ezaguna zuten kataluniarrek: hiru karlistada kontatzen dituzte beraiek, eta guztietan borrokan ibili omen ziren. Carles Beldak lagundu zidan azalpenak katalanez ematen (aspaldiko laguna dut, eta bera ere oso interesatua dago gaian), eta jendeak gogoz kantatu zuen errepikapen eta leloetan. Asteburuan, gainera, Erromako Aita Santua Bartzelonan izanik, ederki zetozen Eta tira eta tunba kantuaren lehen koplak: \"Biba biba biba gure jaungoikua, biba biba biba aita erromakua…\" Pozik zaude disko berriko kantek zuzenean duten indarragaz? Bikainak, ederrak eta kantagarriak dira, zinez, kanta hauek. Aspaldikoak izan arren, lelo eta errepikapenei esker, jendea berehala sartzen da giroan. Nahiz eta batzuetan \"Biba gure fedia españikoa\" kantatu behar izan aurpegiak okertuta… Ironiak leku nabarmena hartzen du, eta irribarrea gozo loratzen da ezpainetan. Alde batekoen eta bestekoen paperean berehala sartzeaz aparte, esango nuke talde bakoitzaren pentsamoldea erraz ulertzen duela publikoak, eta agerikoa da feedbacka. Haize-instrumentuek osatutako taldeak lagunduta zatoz. Bai, liberalen banda daukat batetik; eta karlistena, bestetik. Uniformerik barik baina serio aritzen dira tresnari putz egiten. Atakerako prest egoten dira, eta euren tronpeta, bonbardino edo tubak gora jasota armoniazko uhinak jaurtitzen dituzte frenteko belarrietara. Hura metalaren indarra! Zelako tropa elegantea kantak defendatzeko...! Zelako lana izan da kanta horiekin diskoa osatzea? Hasieran borroka gogorrean ibili nintzen, tonu egokia topatu arte. Paperean idatzitakoa zuzenean entzutean dator sorpresa, gero zuzenketak... Horrela, etengabe. Halako batean balekotzat ematen duzu, baina utziz gero bukaerarik ez duen jarduna izaten da... Diskoa atera eta gero ere aldaketa mordoa egin dizkiegu ia kantu guztiei. Ederra da hori. Gero emankizunetik emankizunera musikari bakoitzak egokitze bat egiten du: pianoak edo forteak finkatzen; tenpoak, sarrerak eta bukaerak ziurtatzen… Dokumentazio lan handia egiten duzu hitzak eta gaiak hautatzeko. Atsegina da prozesu hori? Kasu honetan ez dut horrenbesteko lanik egin. Bilduak eta argitaratuak zeuden bertso hauek, eta, gehienez, entresaka egiten izan dugu lana. Laguntza izaten dut horretan, ez bainaiz bilketa lanetan aditua. Behin letrak musikatzen hasita sartzen naiz ni bete-betean. Bigarren tenpoan katigatzen naiz testuarekin eta proiektuarekin. Hainbat proiekturen artean erabaki ezinik, arrankatu ezinik pasatzen dut denboraldi bat lehenengo. Gero, buru-neke horretan ibiltzen da plazerra, azaldu ezkutatu, atsegina desatsegina, intermitentean. Nondik sortu zitzaizun disko honetarako gaia? Kasualitatez. Bertso horiek irakurtzean ederrak iruditu zitzaizkidalako; gorde, eta ariketa modura doinua jartzen hasi nintzen haietako batzuei. Baina ez ninduen berehala alde hartara kargak bentzutu, ez nuen aterrizatze pista garbi ikusi hasieran: lainotua ageri zen, eta airean noraezean bezala, leihotik batera eta bestera begiratzen aritu nintzen. Halako batean, kristauei amabirjina azaltzen zaien antzera, niri ere kordea etorri zitzaidan, eta begiak zabaldu nituen normalean baino gehiago. Zelan sortzen dituzu doinuak? Behin letra esku artean duzula? Azken aldian testuaren atzetik ibiltzen da doinua: testuak markatzen du estruktura eta tonua. Testuak ematen dizkit pistak: ironikoa den, tristea den… Tenperatura hartze bat izaten da lehendabizi, eta batzuetan ondorengo prozesuan harrapatzen duzu pieza, pagotxa, urrea. Beste batzuetan alperrik izaten da; topikoa, betikoa, errepikapena, zapata ateratzen da kainaberan… Orain urte batzuk \'Real politic\' diskoa aurkezten egon zinen Plateruenean. Ze oroitzapen daukazu? Hura izan zen nire lehenengo kontzertua Plateruenean. Oraindik ez dut aretoa ondoegi ezagutzen. Gogorapen ona daukat, baina, oso ondo zaindu gintuzten: afari ederra ekarri ziguten kamerinoetara, eta giro ona sumatu nuen gero eszenatokian. Gogotan nago gure disko berriaren aurkezpena bertan egiteko. Oraingo formatuan indartsuago irtengo gara tranpaldora. Aurreko disko hura kaleratzeko sortu zenuen Zakurraren Biolina zigilua. Zer moduzko esperientzia da diskoa kaleratzeko prozesu guztiaren ardura izatea? Zakurraren Biolinaren atzean zaunka dago, errebindikazioa, protesta, egonezina, bizi nahia eta aurrera begiratzeko modua. Oraindik horretan nabil bigarren disko honetan ere. Halere, esperientzia interesgarria izan da orokorrean: besteen lanak eta makurrak ederki ikusten dira teleskopio beharrik gabe. Dena den, teknologiaren demokratizazioak (bere adiera on eta txarrarekin) eta disko banaketaren egoerak ia umezurtz utzi gaitu; olatuaren joan-etorrian gabiltza, kostatik oso hurbil, harkaitza jotzeko beldurrez, erregaia eskapatzeko zorian, eta inork salbatuko ez gaituelakoan... Zelakoa izango da Platerueneko barikuko kontzertua? Bost lagun ariko gara tronpeta, tronboi eta guzti. Ordu t\'erdiko kantaldia eskainiko dugu, eta diskoko kanta gehienak joko ditugu. Saiatuko naiz testuingurua ondo esplikatzen, eta XIX. mende bukaeran kokatuko gara guztiok. Espero dut gure artean gerran ez hastea. Horrela gertatuko balitz, kargamentua prest eramango dut, beraz, argi ibili durangarrok...!
ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!