Jokalari, zale, zuzendari, kazetari… denek bertatik bertara jarraitu, gozatu eta sufritu gura izaten duten partidu horietakoa da bihar Kulturalak eta Laudiok Tabiran jokatuko dutena.
Oraindik ligaren herenera heldu barik gauden arren, kasualitateek aspaldi egin zuten behera sailkapenean, eta goian dabiltzanak, salbuespenak salbuespen, hantxe ibiliko dira hemendik aurrera ere. Laudiok lehen postua kendu zion Amorebietari joan zen asteburuan, eta
Durangoko Kulturalak ere bizkarra erakusten dio. Beraz, lehenengo postu bietan daudenak lehiatuko dira bihar, eta bien artean puntu bateko aldea dagoenez, Durangoko taldea lider ipini daiteke.
Joan zen asteko harmailetako giroa kontuan hartuta, zaleek biharko zitara ez dutela hutsik egingo esatea ez da berokeria. Partiduak berez dituen osagaiez gainera, argi ikusi zen zaleak berea emateko prest daudela. Harmailetara begiratzeak gustua ematen zuen: aulki gehienak beteta eta denak taldea bultzatzeko gogoz.
Partidua bera ez zen oso erakargarria izan. Muniozgurenek penaltiz sartutako gol bakarrak eman zion garaipena Kulturalari. Jokoaren pisua eraman zuenez, hiru puntuak merezitakoak dira, baina taldeak ez zuen ohiko argitasunagaz jokatu, batez ere, jokoa antolatzerako orduan. Epaileak ere ez zuen askorik lagundu; Zarautzek falta asko egin zituelako Kulturala gelditzeko, eta epaileak ez zituelako behar den moduan zigortu.
Asteburukoagaz Kulturalak hiru lehia daramatza golik jaso barik. Baina kontuz: Laudiok ere hutsean mantendu du bere atea azken hiru neurketetan.