Musika maite duten guztientzako lau zita Kantuaren Kantoian

Anboto 2010ko aza. 2a, 16:25

Iazko udagoienean egin zuten Kantuaren Kantoia berbaldi-musikatuen lehenengo edizioa Durangoko Plateruenean, eta formatu beragaz -Jonan Fernandez kazetariak bideratuta- azaroko lau eguenetan izango dira aurtengo lau emanaldiak ere: Bide Ertzeaneko Imanol Ubeda, Zea Mays taldeko ahotsa den Aiora Renteria, Rafa Rueda, eta Kerobia taldeko Xabi Bandini dira gonbidatuak. Iazko formatu eta filosofia beragaz, eta Jonan Fernandez gidariak dioskunez, \"entzuleek musikariak gertu-gertutik ezagutzeko aukera izan dezaten\" antolatu dute. Lau musikarion lana hurbilagotik jarraitzen dutenek bestalde, plazaratu berri dituzten diskoetako (Bide Ertzean taldearen Don Inorrez, Zea Mays-en Era, eta Kerobiaren Ontziak) kantak giro intimo horretan bilduta entzuteko aukera da Plateruenekoa. Kantuak idazteko baliatzen dituzten metodoak, eta euren ibilbidean zehar bazterrean utzitako piezen (inoiz jende aurrean abestu bakoak) edota beste zenbait kantaren hasierako txinpartak zelan sortu ziren azalduko dute Kantuaren Kantoian sortzaileek. Iaz legez, eguenetan, 20:00etan dira doako sarrera duten Kantuaren Kantoia zikloko saioak, azaroak 4, 11, 18, eta 27an. ------------------------------------------------------------------------------------------------------------------- IMANOL UBEDA Azaroak 4 Bakarrik aritzeak zer sentsazio?[imgd]http://www.anboto.org/images/8300/8390/1.jpg[/imgd] Egia esan ez naiz bakarlari sentitzen. Deabruak Teilatuetan taldearekin hasi nintzenetik, taldean aritu naiz beti. Deseroso sentituko naiz (dagoeneko halaxe nago...) zentzu horretan. Karlos bateria-jotzailea eta Joni baxu-jotzailea faltan botako ditut, baina ekitaldia puntuala, bakarra, berezia izango da, eta horrek asko sosegatzen nau. Pentsatuta daukazu errepertorioa? Zorretan nago testu batzuekin eta sekula argia ikusi ez duten doinu batzuekin... Bazterrean alboratuta utzi ditugun kantu horiek eskaini nahi nituzke. Abestuko ditudan kantu guztiak argitaratu gabeak izango dira. Joseba Sarrionandiak itzulitako poema naufrago batekin hasiko naiz, eta Jose Luis Otamendi eta Iñigo Aranbarriren poemekin aspaldi egin nituen kantuak ere abestuko ditut. ------------------------------------------------------------------------------------------------------------------- AIORA RENTERIA Azaroak 11 Antzeko esperientziarik izan duzu?[imgd]http://www.anboto.org/images/8300/8390/2.jpg[/imgd] Orain urte bat edo bi Harrapazank programan antzeko emanaldia antolatu zuten Bilborock-en, eta kantuak eta azalpenak tartekatu genituen han ere. Gustura sentitzen zara halakoetan? Bai, interesantea da batez ere jendeak ere parte har dezakeelako; zer pentsatzen duten, zer kuriositate daukaten... Publikoagaz harreman oso zuzena sortzen da. Gauza berezi eta oso interesantea izan daitekeela uste dut. Bakarrik zatoz Plateruenekora? Zea Mays-eko gitar-joleagaz joango naiz. Lehen gitarra jotzen nuen, baina taldeagaz hasi nintzenetik alboratua daukat, eta nahiago dut berak lagunduta jardun. Pentsatuta duzu errepertorioa? Zea Mays-en disko berriko hiru kanta joko ditugula erabakia daukagu, eta abesti zaharragoren bat ere bai. ------------------------------------------------------------------------------------------------------------------- RAFA RUEDA Azaroak 18 Pentsatuta daukazu errepertorioa?[imgd]http://www.anboto.org/images/8300/8390/3.jpg[/imgd] Oraindik asko zehaztu barik daukat kanten zerrenda, baina poesiaren eta musikaren harremana ardatz moduan hartuta jardutea da buruan darabildan ideia. Oraindik nahiko airean; zehazteke daukat errepertorioa, baina. Antzeko emanaldietan jardun duzu? Elkarrizketatzaile bategaz ez, baina ikastetxe eta euskaltegietan jardun izan dut kanten sorkuntza eta bilakaeraren gainean halako berbaldi-musikatuetan. Gustuko duzu zure lanaz berba egitea? Musikaren mundua desmitifikatzeko modu bat dela uste dut. Kontzertu edo disko baten atzean dagoen mekanika askotan ezezaguna du publikoak, eta horregatik uste dut positiboa dela horretaz berba egitea. Gure lana gehiago ezagutarazteko era bat da, eszenatokiaren liluraren atzean dagoena bistaratzekoa. ------------------------------------------------------------------------------------------------------------------- XABI BANDINI Azaroak 25 Talde barik, bakarrik jarduteak zer sentsazio eragiten dizu?[imgd]http://www.anboto.org/images/8300/8390/4.jpg[/imgd] Bakarrik jotzeak lasaitasun handiagoa ematen dit askotan, dena nire gitarra eta ahotsean zentratzen baitut. Normalean relajantea, baltsamikoa izaten da. Zer kanta joko duzun erabaki duzu? Orandik ez dut erabat erabaki, baina gutxi gora behera argi daukat. Kerobiaren ibilbideko zenbait kanta joko ditut, eta aurreko beste kanta batzuk ere bai; urteak daramatzat kantu horiek jotzen eta, egia esan, ez naiz aspertzen. Joan zen ostiralean jo zenuten Plateruenean. Zer moduz joan zen? Biraren hasierako kontzertuak beti izaten dira gogor xamarrak (oxidazioa eta nerbioak kendu arte), baina iruditzen zait jendeak disfrutatu egin zuela eta giro potentea sortu zela joan zen ostiraleko Durangoko kontzertuan.
ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!