Iaz hasitako bideari jarraituz, Bizkaiko Saskibaloi Federazioak eta Bizkaiabasket Fundazioak II. Saskibaloi Jaia antolatu dute zapaturako Landako Gunean. Tabirako Baqué, Durangoko Udala eta Aldundia laguntzaile dituen ekimeneko lehenengo aldian 1.200 gaztetxok parte hartu zuten; aurten 2.000 batuko dira. [imgd]http://www.anboto.org/images/8300/8364/2.jpg[/imgd] 8 eta 16 urteko gazteei zuzendutako ekimena 10:00etatik 20:00etara garatuko da eta gazteei zuzendutako askotariko ekintzak batuko ditu. Antolatzaileen esanetan, Fernando Romay ACBko jokalari ohia etorriko da Landako Gunera. Romay iaz ere etortzekoa zen baina azkenean ezin izan zuen. Aurten sariak banatzeaz gainera, gaztetxoekin jolastuko du. Ekintzen artean nobedade bat dago. Aurten gurasoek seme-alabekin batera jokatu ahalko dute Bi Belaunaldiko Torneoan. Aitak edo amak semeagaz edo alabagaz bikotea osatuz, hainbat tokitatik jaurtiketak egingo dituzte minutu bian, ahalik puntu gehien lortu guran. Horrez gainera, beste lehiaketa mota bi ere egongo dira: hiru jokalariko taldetxoen lehia eta trebetasun jaurtiketak. Ekintza hauetan aurretik izena emandakoek parte hartuko dute. Saskibaloi jaia osatzeko, gaztetxoentzako gaztelu puzgarriak eta bestelako jolas guneak -denak saskibaloiaren gainekoak- ere prest egongo dira goizetik iluntzera. Bestalde, Tabirako Baquék stand bat ere ipiniko du bere produktuekin; taldeko kamisetak eta 50. urteurreneko bideoa salduko dituzte. [img]http://www.anboto.org/images/8300/8364/1.jpg[/img]