Ume zein helduei zuzenduriko Logela Multimediaren berriena

Anboto 2010ko urr. 22a, 09:10

Urriaren 24an, 18:00etan, Durangoko San Agustin kulturgunean egingo dute estreinaldia.

Lau eta hamabi urte arteko umeei, baina era berean publiko zabalari zuzenduta pentsatu eta sortu du Logela Multimedia talde elorriarrak Anaki izeneko azken ikuskizuna: helduei zuzenduriko hainbat keinu biltzen dituzte ikuskizuneko musikak, estetikak eta baita testuak ere. Orain hamar urte proiektuari ekin ziotenetik orain arte, batez ere gazte jendeari zuzenduriko ikuskizunak sortu ditu Logela Multimediak, eta lehenengo aldia dute umeei zuzentzen lan bat. Ikuskizun honetan ere Logela Multimediaren izaerari eusten diotela azaldu digu Durangoko San Agustin kulturgunean domekan aurkeztuko duten lanerako audioak eta musikak sortu dituen Ander Garaizabalek. Bere berbetan, Logelaren aurreko Mokaua proiektua gogoko zutenek Anaki antzezlanean ere topatuko dute taldearen elementurik. Ikuskizunerako beren-beregi sortutako bederatzi kanta eta girok osatzen dute ikuskizunaren soinu banda: hip-hopa, elektronika... Pantaila bi, hiru proiekzio, pantaila barruan integratzen den hezur-haragizko aktore bat, aktore manipulatzaile bi, robot itxurako makina bat, eta musika dira Anaki ikuskizuneko osagai nagusiak. Eszenografia plano desberdinetan garatzen da ikuskizuna; Imanol Garaizabalek sortu ditu eszenografia eta irudia, eta bere berbetan, \"dimentsio desberdinak integratzen dira ikuskizunean: pantailak baliatuz, agertokiari bolumena ematea lortzen dugu\". Gero eta gehiago umeei ere eragiten dien kontsumismoa, ausardia, laguntasuna, ekologia, elikadura, eta elkartasuna lako baloreak lantzen ditu Logela Multimediaren ikuskizunak. Durangoko estreinaldiaren ostean, azaroaren 14an, Elorrion aurkeztuko dute lana.

\"Orain arte egin ditugunetatik teknikoki lanik zailena da hau\"

Ideia garatu ahala proiektua \"teknikoki konplikatzen joan da espektakuluaren mesedetan\", azaldu du Ander Garaizabalek. Antzerkigintzan aurrekaririk bako zerbait \"berria, berezia eta bitxia\" da marrazki bizidunekin zerikusia daukan, baina aktorearen zuzeneko parte-hartzea daukan Anaki. Musika, irudiak, aktorearen mugimenduak, robota... \"dena sinkronizatzea konplexua\" izan dela nabarmendu dute taldekideek, eta esfortzu handia egin behar izan dutela lana burutzeko. \"Lehen oso elitistak ziren baliabide teknologikoak demokratizatu\" direla, eta orain arte Logela Multimediak sekula baliatu bako softwarea erabili dutela umeei zuzenduriko ikuskizun hau sortzeko, azpimarratu du Imanol Garaizabal taldekideak aurkezpenean. Musikak era zabal batean konposatu dituztela azaldu digu Ander Garaizabalek, ez dituztela \"umeendako musika egin gura izan\". Domeka honetan lehenengoz, hainbat berritasun eskainiko dituzte irudiei dagokienez ere Logela Multimediakoek, eta diotenez, \"oso gogotsu\" daude, ikusleen erantzuna probatzeko: \"helduak baino inpultsiboagoak direlako, ikuslegorik kritikoena ere bada umeena\", Imanol Garaizabalek azpimarratu duenez. Hamar urtean garatzen jardun duten teknikaren emaitza berria da domekan estreinakoz probatuko dutena.
ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!