Bartolome Ertzilla musika eskolaren eta udal liburutegiaren elkarlanetik sortutakoa da asteon aurkeztu duten zerbitzu berria.
Honen aurretik, Durangon operaren inguruan antolatu dituzten ikastaro, saio eta emanaldien arrakasta kontuan hartuta, Bartolome Ertzilla musika eskolaren eta udal liburutegiaren elkarlanetik sortutakoa da asteon aurkeztu duten zerbitzu berria. Operagaz loturiko ehundik gora audio-dokumentu ipini dituzte Durangoko liburutegiko fonotekan erabiltzaileen eskura.
Udalaren ordezkaritzan Mari Jose Balier zinegotzia, Xabier Aranguren liburutegiko arduraduna, eta Bartome Ertzilla musika eskolako Ana Celia irakaslea egon dira aurkezpenean. Hain zuzen, musika eskolako piano irakaslea izan da eskaintzen diren obren hautaketa egin duena.
[img]http://www.anboto.org/images/8300/8320/1.jpg[/img] Operak liburutegian daukan presentzia indartzeko helburuagaz, obra lirikoen bilduma handitu eta durangar guztien eskura ipini dute. Balier zinegotziak azpimarratu duenez, eskari handia dago operari dagokionean Durangon: \"musikazale eta bereziki operazaleak dira durangarrak\".
Askotariko autore eta garaitako sorkuntzak hautatu eta bildu dituzte liburutegian eskaintzeko: ehundik gora opera eskura ipini dituzte CD formatuan. Azaldu dutenez, operara lehenengoz gerturatzen direnentzako lan eta egile ezagunen lanak, zein zale direnentzako, topatzeko zailagoak diren obrak ere hautatu dituzte.
Erregistratutako lehenengo opera den Monteverdiren Orfeotik hasi, eta barroko, klasizismo, erromantizismo, verismo estiloetatik gaur egunera arteko ibilbidetik hautatutakoek osatzen dute bilduma. Rigoletto, Traviata, Figaro, etab. bezalako opera hain ezagunez gainera, operan gehiago sakondu gura dutenentzako ere errepertorio zabala batu dute.
Materiala erabiltzeko, herritarrek hiru modu dituztela aukeran azaldu dute aurkezpenean: liburutegiko gainontzeko materialekin bezala, maileguan hartu eta etxera eramateko aukera dago, liburutegian bertan ipini dituzten entzungailuetatik gozatu daitezke, eta liburutegiko irakurketa gelan ere joango dira operak erreproduzitzen. Une bakoitzean zein opera entzuten den jasotzen duen ordutegi bat osatu dute, eta entzungelan ikusgai dago.