San Fausto Zesta Txapelketako finala jokatuko dute gaur, 11:30ean hasiko den atariko neurketaren ondoren.
San Fausto Zesta Txapelketako finala jokatuko dute gaur, 11:30ean hasiko den atariko neurketaren ondoren. Lau gipuzkoarren arteko dema izango da: Carlos Aizpurua eta Ramon Aizpurua andoaindarrek Josu Beitia eta Txomin Ramirez Mutrikuko bikotearen kontra jokatuko dute.
Txapelketa hasi aurretik txapela janzteko faboritoen artean zeuden, eta aurreikuspenak bete dituzte. Ramon Aizpurua Miamin zesta profesionalean ibilitakoa da, eta orain pare bat urte bueltatu zen Euskal Herrira. Bere anaia Carlos, berriz, afizionatuetan munduko txapelketan jokatutakoa da. Aurrekari horiei, anaiak izaki biek ederto elkar hartzen dutela gehituz gero, ez da harritzekoa finalera heldu izana.
Mutrikuko bikotean ere Josu Beitia Ameriketan profesionalki jokatutakoa da. Beraz, lau gipuzkoarren arteko lehiak emozioa iragartzen du.
Partidu orekatua aurreikusten den arren, andoaindarrak izango dira faborito. Finalerdietan nagusitasunez gailendu zitzaizkien Noaingo Iturbide II.a eta Bailori (30-20). Aizpurua anaien finalerako pasea ez zen arriskuan egon une batean ere.
Bigarren finalerdian emozioa azken uneraino mantendu zuten lau protagonistek. Aretxabaleta eta Ubilla Berriatuko bikote gazteak lan handiak eman zizkieten Beitia eta Ramirezi (27-30). Gainera, txapelketako partidurik ikusgarrienetakoa jokatu zuten.Txapelketa jokatu duten Durangoko bikote biak (Mikel Arrizabalaga-Iñigo Aldekoa eta Egoitz Urrejola-Asier Azkarate) finalerdien atarian geratu dira; Noainek eta Andoainek kanporatu zituzten.