X. Durango Uria lehiaketako margolanak ikusgai Ezkurdi aretoan

Anboto 2010ko urr. 10a, 11:00

Urriaren 13ra arte daude euren lanak pintura lehiaketara aurkeztu dituzten 27 parte-hartzaileen koadroak ikusgai.

Urriaren 13ra arte daude euren lanak pintura lehiaketara aurkeztu dituzten 27 parte-hartzaileen koadroak ikusgai. Pintzelkaden lodierari, baliatutako teknikei eta koadroetan jasotako gaiei dagokionez, barietatea, aniztasuna da Ezkurdiko udal aretoan ikusgai dauden margolanen ezaugarri nagusia. Durango Uria pintura lehiaketako parte-hartzaileek bidali dituzten koadroak dira urriaren 3tik 13ra bitarteko astean zeharreko arratsaldetan eta asteburuetan ere Ezkurdiko udal aretoan ikusgai daudenak. Paisaiak dira erakusketan bildutakoetariko zenbait, figuratiboagoak batzuk eta abstrakziotik gertuago daudenak beste batzuk; kolore grisen gama bategaz landutakoa da herriguneko irudi bat jasotzen duena, kasurako, eta mendialdeko paisaia oso koloretsua agertzen du beste batek. Ikuspegi horietako bat agertzen dutenen artean, oso hurrekoa egin dakigukeen basoa dago ikusgai, esaterako: lehiaketan bigarren saria jaso duen Airun Piedelobo Arte Ederretako ikasleak egindakoa. Ezkurdiko udal aretoko erakusketan badaude ez ohikoagoak zaizkigun lekuetako paisaiak ere; herriko saria jaso duen Jesus Mari Agirreren behekaldeko argazkiko koadroa, adibidez. Indiako emakumezko talde bat agertzen duen koadroa ere badago besteren artean Ezkurdiko aretoan. Durangaldean bizi izatea edo Durangaldeko Artisten elkarteko kide izatea zen lehiaketan parte hartzeko baldintza, eta bigarren hori da Jaime Zamacola gipuzkoarraren kasua: berak aurkeztu duen zezen baten burua agertzen duen koadroa da Durango Uria sari nagusia jaso duena.
ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!