Bartzelonako diseinatzaile grafiko baten kartela, 45. Liburu eta Disko Azoka iragartzeko

Anboto 2010ko urr. 5a, 12:59

Fede Bosch diseinatzaile grafiko kataluniarrak lehiaketara aurkeztutakoa da Azokako kartela izateko epaimahaiak hautatu duen proposamena.

Publizitate enpresetan lan egiten duen Fede Bosch diseinatzaile grafiko kataluniarrak lehiaketara aurkeztutakoa da Durangoko Liburu eta Disko azokako kartela izateko Gerediaga elkarteak izendatu duen epaimahaiak hautatu duen proposamena. Landako elkartegian egindako agerraldian egileak azaldu duenez, internet bitartez jaso zuen Durangoko Azokaren berri, eta sarean aurreko edizioetako informazioa bilatu ostean hasi zela aurkeztu zuen lana osatzen. Hasieran osatu zuen irudia \"barrokoagoa\" zela kontatu du elkartegian egindako aurkezpenean Boschek, eta ondorengo prozesuak sinpletasuna bilatzera eraman zuela. Horrela, hondo zuriaren gainean, 70eko hamarkadakoa dirudien disko-jogailu bat, eta gainean azal urdindun liburu bat jasotzen ditu kartelak: \"azokaren bi elementuen bateragarritasuna uztartuz gura izan ditut, irakurri eta musika entzun, biak batera egin daitezkeela erakusteko\", sortzailearen berbetan. Aitziber Atorrasagasti Gerediaga elkarteko gerenteak aurkezpenean azpimarratu duenez, guztira 49 lan jaso dituzte 45. Durangoko Liburu eta Disko Azoka iragarriko duen kartela aukeratzeko lehiaketara. Horietariko 10 Euskal Herriaz kanpotik jaso dituztela, eta beste 10 Durangaldeko sortzaileek aurkezturikoak direla azaldu du Atorrasagastik. Aurten 45. edizioa ospatuko du abenduaren 4tik 8rako egunetan Landako Erakustazokako Durangoko Liburu eta Disko Azokak: ordura arte, hitzordua gogora ekarri eta presente edukitzeko bistara izango dugu beste 48ren artetik epaimahaiak aukeratutakoa.
ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!