Urriaren 8ra arte eman daiteke izena Harkaitz Canok gidatuko dituen \'Telesailen urrezko aroa\' tertulietan.
Urriaren 8ra arte eman daiteke izena Harkaitz Canok gidatuko dituen \'Telesailen urrezko aroa\' tertulietan. Bakoitzean serietako bat ardatz hartuta, AEBetan ekoitzitako \'Seinfield\', \'Extras/The Office\', \'Six Feet Under\', \'The Soprano\'s\' eta \'The Wire\' aztertuko dituzte Durangoko Udal Liburutegian. Urriaren 14, 21 eta 28an, eta azaroaren 11 eta 18an dira saioak. Idazleagaz jardun dugu literaturaren eta telesailen arteko hartu-emanaz.Egin duzu hau lako saiorik beste nonbaiten lehenago?
Durangon moduan, bost asteko luzapenagaz, ez dut aurretik sekula egin; gehiago izan dira hitzaldi puntualak, edo jende espezializatuarentzako ikastaroak eta halako gauzak. Zine-forum edo tele-forum formatu honetan egingo dudan lehenengo aldia da.
Telesailen inguruko foruma izatea egiten zaigu berezi.
Orain urte batzuk hasi nintzen telesailen mundu horretaz interesatzen; batez ere, gidoigintzan lan egiten hasi nintzenean. Zinema eta literaturari buruz argitaratu nuen saiakeraren ondoren pentsatu nuen literaturak telebistarekin daukan harremanaz ez dela behar beste hitz egiten. Orain hasi da joera hori apur bat aldatzen: batez ere, The Soprano\'s, Madmen edo The Wire moduko teleserieak modan ipintzen hasi direnean. Horrela sortu zait horretaz idatzi, pentsatu eta hitz egiteko gogoa.
Literatura eta zinemazalea den publiko zehatza badago?
Kable sistemaren bidezko telebista baliatuta, publiko oso zehatzari bideratutako telesailak egiten dituzte Estatu Batuetan gaur egun. Lehen nobela edo zinema izan diren bezala, telesailak dira orain abangoardia; horrek esan nahi du ez dutela zertan politikoki zuzenak edo familia guztiari zuzendurikoak izan. Zineman baino gauza transgresoreagoak egin daitezke telebistan gaur egun: medio azkarragoa, flexibleagoa eta merkeagoa da telebista. Zinemaren moteltasunak etsita zeuden gidoilari askok telebistan aurkitu dute azken urteetan euren lekua.
Gidoilari batentzat, esperimentaziorako gune aproposagoa da telebista zinema baino?
Gidoilariaren lana da telesail hauetan ardatza. Zineman, pelikularen zuzendaria eta aktoreak dira Cannes edo bestelako jaialdietan pelikula aurkezten eta defendatzen ikusten ditugunak: pelikula zuzendariarena dela ematen du. Telesailak aldiz, argi eta garbi gidoilariarenak dira. Ez ditugu serietako zuzendariak ezagutzen; telesailaren jabea gidoilaria da.
Eta horrek izango du azken emaitzan zerikusirik, ezta?
Noski, horrek esan nahi du, gidoilariak azken produktuaren gaineko kontrola daukanean askoz inplikazio handiagoa izaten duela. Ez da enkarguz lan egitea bezala. Gidoilaria da jaun eta jabe.
Zinematik aldendu eta telebistara gerturatu zara zeu ere?
Ikusle moduan, A dos metros bajo tierra izan zen niretzako inflexio puntua, eta horren ondoren Madmen, The Soprano\'s eta The Wire. Telesailei abantaila asko ikusten dizkiet, gainera, gidoilari moduan...
Zeintzuk dira abantaila horiek?
Bost denboraldiko telesail batean, 60 ordu izan ditzakezu eskura, eta ondo erabiliz gero, kontatzeko espazio handia daukazu; pertsonaien eboluzioa, beraien kontraesanak, eta zenbait istorio kontatzeko espazioa abantaila handia da. Telesailak XIX. mendeko nobelagaz badauka antzik: berrogeita hamar ordutan Ana Karenina edo Guerra y paz bat kontatu dezakezu... Azken urteetan literatura gehiago ikusi dut telesail hauetan, hainbat liburu eta pelikuletan baino. Bestetik, telebistan dialogoak inportantzia handia dauka, eta elkarrizketen maila, sarkasmoa eta ironia koxka bat haratago eraman ditzakezu.
Bost saio egingo dituzue Durangoko Liburutegian.
Bost saio egingo ditugu oraingoz, eta zelan doan arabera luzatuko dugu, beharbada, hurrengo urtean. Hainbeste telesail daude, zaila da aukeraketa egitea... Oraingoz, klasikoak direnak aukeratu ditut, hemendik hogei urtera iraungo duten telesailak...
Zelakoak izango dira saioak?
Garai bateko zine-forumen erara pentsatu ditut: aurkezpentxo bat egin, telesailaren atal bat proiektatu, eta tertulia batean sorrarazi dizkigun sentsazioak partekatzea.