Gizonek aspaldiko urteetako denboraldirik erakargarriena dute aurretik, iaz, hutsik geratutako plaza bat aprobetxatuz, EBA mailarako igoera lortu zutelako.
Ilusioz eta erronkaz betetako liga hasiko du asteburuan Tabirako klubak.
Gizonek aspaldiko urteetako denboraldirik erakargarriena dute aurretik, iaz, hutsik geratutako plaza bat aprobetxatuz, EBA mailarako igoera lortu zutelako. Mailari eustea erronka gaitza izango da, klubaren filosofiak etxeko jokalarietara mugatzen duen taldearentzat. Emakumeek urteetan taldeko erreferenteetako bi izan diren Amaia Mendiolagarai eta Amaia Huerta barik ekingo diote ligari, eta proiektu berria lantzen dabiltza.
Gizonek Zornotza saskibaloi taldearen kontra hasiko dute denboraldia bihar, 18:30ean. Zornotzak bost jokalari fitxatuz indartu du taldea. Tabirako Baquék iazko talde bera eramango du, baina prestaketa berezia egin dute denboraldi aurrean. Lan talde teknikoak eskatuta eta zuzendaritzak \"ahalegin berezia\" eginda, abuztu amaieran astebetez Mundakan kontzentratu ziren. Goiz eta arratsalde entrenatuz, EBA mailak eskatzen duen mailaren neurriko prestaketa egin zuten. Beraz, argi dago Tabirako Baqué hortzak estutzeko eta mailari eusteko eginahalak egiteko prest dagoela: \"Guretzako maila berria da, profesionala eta lehiakorra. Disfrutatzen eta ikasten saiatuko gara, baina baita ondo lehiatzen eta dugun dena ematen ere\", dio Hilario Perez klubeko presidenteak.
Baqué Torneoa irabazita
Aurten, udako Baqué Torneoa Tabirako Baquék irabazi du, emakumeetan zein gizonetan. Emakumeek joan zen asteburuan jaso zuten garaikurra, finalean Loiola menderatuta (64-58). Taldeak \"proiektu berria du aurretik, erakargarria eta ilusioz betea\". Orain, Olatz Perez eta Marina Maortuak hartuko dute taldearen gidaritza. Bihar Cafés Aitona izango dute arerio.