Auto klasikoak bertatik bertara ikusteko aukera asteburuan

Anboto 2010ko ira. 23a, 09:01

Gaur eta bihar X. Klasikoen Rallya korrituko dute, Durangoko Ezkurditik abiatuta. Guztira, estatuko hainbat txokotatik etorritako 70 klasiko batuko dira.

Gaur eta bihar X. Klasikoen Rallya korrituko dute, Durangoko Ezkurditik abiatuta. Guztira, estatuko hainbat txokotatik etorritako 70 klasiko batuko dira eta, horrenbestez, \"kantitateari zein kalitateari dagokionez, espainiar estatuko mota honetako ekimenik garrantzitsuena da\", Clasicas Durango elkarteko kideek azaldu dutenez. 60ko hamarkadatik 1985era arteko alerik onenak batuko dira: AC Cobra, Alpine, MG, Mini, Lancia, Porsche, Alfa Romeo… 17:00etatik 20:00etara, auto guztiak Landako Erakustazokan ikusgai egongo dira gaur. Segidan, Ezkurdi plazatik lasterketari ekingo diote; ibilbidea oraindik ezagutzera eman ez duten arren, Abadiñon, Eibarren, Elgetan, Elorrion eta Iurretan ibiliko direla aurreratu dute antolatzaileek. Beti legez, pilotuek eta kopilotuek elkar ondo hartu beharko dute, gehienez, 50 kilometro orduko abiaduran, antolatzaileek ezarritako denboretatik ahalik gertuen ibiltzeko. Lasterketako bigarren tarteak Bizkaiko kostan zehar eramango ditu parte-hartzaileak -Laida eta Lekeitio- eta Arratetik bueltatuko dira.

Klasikoetan klasikoenak

Zapatuan, 10:00etan, beste 30 auto klasiko ikusteko aukera egongo da. 50 urte baino gehiago dituztenez, auto horiek ez dute lasterketan parte hartuko. Ondoren, 11:00etan, Muniketara joango dira. 14:00etatik 16:00etara, Abadiñon bazkalduko dute parte-hartzaileek. Amaitzeko, arratsaldean Arratian eta Otxandion zehar 180 kilometroko ibilbidea egingo dute.
ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!