Durangoko Udalak eskaintzen duen Sorkuntza Beka jasotzeko hautatua izan zen Miriam Peña durangarraren proiektua iazko ekainean.
Durangoko Udalak eskaintzen duen Sorkuntza Beka jasotzeko hautatua izan zen iazko ekainean, Miriam Peña duragarraren proiektua. Udalak emandako diru-laguntzagaz burutu du Peñak bere ideia, eta urtebeteko lanaren ostean Durangoko Udal liburutegiaren sarreran herritar guztien bistara dago emaitza. Leku bakoitzean astebetez, Durangoko Udal liburutegian, igerilekuan, eta Hizkuntza eskolan ipiniko du egileak artea herritarren eskura jartzeko helburua daukan instalazio artistikoa.
Aurretik ere aurkeztu izan ditu Miriam Peñak proiektuak Durangoko Udalaren Sorkuntza bekara. Iazko edizioan artista gazteek aurkeztu zituzten proiektuguztien artetik Peñaren ideia hautatu zuen Udalaren epaimahaiak, urtebeteko epean gauzatu zezan.
Egileak berak azaldu digunez, azken aldian lantzen dabilen kontzeptuekin harremana dauka Durango, beste begirada bat lanak: gure eguneroko bizitzan oharkabean igarotzen zaigun errealitatearen zatia, \"ikusten ez duguna\", hori ere hor dagoela konturatu gaitezen proposatzen du irudietan oinarritutako instalazioak.
Durangoko teilatuak, eraikinen goikaldeak dira instalazioak erakusten dituenak: \"herriaren beste dimentsio bat\", zelanbait esateko. Gauzak begiratzeko beste modu batzuk ere badaudela konturatu gaitezen duela jomuga azaldu digu egileak. Errealitatetik hartutako irudi batetik abiatuta abstrakzio bat sortuz, errealitatetik abstraitzera bideratzen ditu ikusleak: \"errealitatea bat\" izan arren, \"begiradak hainbat\" direla erakusten du Peñaren lanak.
Kutxa bat, kasu honetan, Durangoko liburutegiko teilatuan ipini duen kamera batera lotua dagoena da 2009ko Sorkuntza Bekagaz finantzatutako instalazioaren oinarria. Motore baten energiagaz mugitu daitekeen, eta teilatuko ikuspegia etenik barik grabatzen duen kamera bat da Durangoren beste ikuspegi bat hurreratzen diguna.
Behekaldean, liburutekogiko sarreran dagoen kutxatik, ikusleak berak gidatu ditzazke Durangoko Alde Zaharreko goikaldeetako irudiak hartzen dituen kameraren mugimenduak. Horregaz jokatu gura izan du artistak: bakoitzak kontrolatzen du zer gura duen ikusi eta zelan. Horrela, \"konturatu barik, jendeak arteagaz hartu-emana izatea\" lortzen du besteak beste diseinu grafikoan ere badiharduen Miriam Peñak.
Museoan barik, kalean eta jendearen eskura egon zitekeen artelana burutzea zen Peña durangarraren jomuga nagusia, eta lortu du liburutegiko erabiltzaileengan ikusmina sortzea.