Kerejeta zortzigarren munduko txapelketan

Anboto 2010ko ira. 20a, 09:13

Joseba Kerejetak ezin izan du 2008an irabazitako txapelketa berritu. Taldekako sailkapenean hirugarren geratu da.

Joseba Kerejetak ezin izan du 2008an irabazitako txapelketa berritu. Taldekako sailkapenean hirugarren geratu da. Txapelketa jokatu aurretik egindako adierazpenetan Kerejetak aurreikusten zuen gerora gertatu dena. Kroaziako Mali Losinj irlan jokatutako Munduko Urpeko Arrantza Txapelketan etxekoak jotzen zituen faborito: \"Arrain gutxi dago eta ingurukoek zonalderik onenak ezagutzen dituzte\". Pronostikoan asmatu egin du eta kroaziarrek bete dituzte podiumeko lehenengo postu biak. Daniel Gospic da datozen urte bietarako munduko txapelduna eta Antonio Buratovic geratu da bigarren. Hirugarren italiar bat izan da: Bruno de Silvestri. Kerejetak zortzigarren amaitu du munduko txapelketa. Lehenengo jardunaldia seigarren amaitu zuen 9.000 punturekin; sei pieza arrantzatu zituen. Bigarren jardunaldia ez zen oso oparoa izan durangarrarentzat 2.742 puntu bakarrik batu zituelako (pieza bi) eta azkenean zortzigarren amaitu du. Taldekako sailkapenean hirugarren geratu da Kroazia eta Italiaren atzetik.
ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!