Zapatuan, 13:00etan, aurtengo denboraldiko aurkezpen ofiziala egingo du Durango Rugby taldeak Rugby tabernaren aurrean.
Zapatuan, 13:00etan, aurtengo denboraldiko aurkezpen ofiziala egingo du Durango Rugby taldeak Rugby tabernaren aurrean. Horrela, Goienkaleko jaiak ere badirela aprobetxatuz, errugbia herritarrengana hurbildu asmoz iaz hasitako bideari eutsiko diote.
Datorren urtean Durango Rugby Taldeak 25 urte egingo ditu eta ospakizun berezi hori dela-eta, Durangoko udal musika bandak klubarentzat sortutako ereserki berria entzuteko aukera ere egongo da, musika bandakoen euren eskutik: \"Guk ezer eskatu barik, euren kabuz landutako musika da eta guri ereserkia aurkeztu zigutenean pozarren onartu genuen\", azaldu du Joan Manuel Iriondo klubeko lehendakariak. Oraindik, musikari ez diote letrarik ipini, baina urtea amaitu aurretik letra ere prest izatea itxaroten dute.
Ereserkiaz gainera, taldeek denboraldiko argazki ofiziala aterako dute eta errugbi baloiak zotz egingo dituzte bertaratzen direnen artean. Ondoren, 17:00etan Durango Ilarduya eta Getxoren arteko neurketa aurreikusita dago.
Mailari eustea helburu
Durango Ilarduyaren bigarren taldeak zein kadete eta gazte mailako taldeek asteburu honetan ekingo diote ligari. Nagusiek, aldiz, urriaren 3an jokatuko dute lehenengo neurketa Oviedon. Aurten Durango Ilarduyako talde nagusiaren helburua \"mailari eustea eta ahalik estuasun gutxien pasatzera da\".
Emakumeen taldea -Arrasate-Durango deituko da aurten- ere urriaren 3an hasiko da lehiatzen, baina aurretik, zapatu honetan, prestaketarako balioko dien torneo bat jokatuko dute Gasteizen, Euskal Herriko beste errugbi taldeekin batera. Emakumeen ligarako helburua lehenengo hiru postuetan geratzea da, estatu mailako ligan jokatzeko aukerak izan ditzaten.