Kulturalari luzapenean ihes egin zion garaipenak

Anboto 2010ko ira. 6a, 16:15

Galtzen hasi, partiduari buelta ematea lortu eta hiru puntuek Durangon geratu behar zutela zirudienean, Leioak 92.minutuan berdinketaren gola sartu zuen.

Galtzen hasi, partiduari buelta ematea lortu eta hiru puntuek Durangon geratu behar zutela zirudienean, Leioak 92.minutuan berdinketaren gola sartu zuen. Partiduaren hasieran Leioarena izan zen baloiaren jabetza. Basauri atezainak geldiketa on bat egin behar izan zuen lehen minutuetan. Apurka partidua orekatu egin zen eta 27 minutuan aukera garbia huts egin zuen Iker Martinezek. Handik hamar minutura Leioak aurrea hartu zuen markagailuan Jaime Zumalakarregiren bitartez; falta zuzena eskoadran kokatu zuen Leioako jokalariak. Lehen zatia amaitu aurretik Muniozgurenek partidua berdintzeko aukera bi izan zituen, baina lehenengoa gehiegi gurutzatu zuen eta bigarrena atezainak geratu zion. Bigarren zatian Ander Pinilla zelairatu zuen Axier Intxaurraga entrenatzaileak. Baloiaren jabetza berreskuratu zuen Kulturalak eta 60 minutuan Iker Martinezi penaltia egin zioten. Ibaik hartu zuen penaltia jaurtitzeko ardura eta ez zuen barkatu. Ondoren, Jonatan eta Eriz zelairatu ziren. Hain zuzen Jonatanek sartu zuen bigarren gola buruz, Gorroñoren erdiraketa aprobetxatuta. Hamar minutu eskas falta ziren neurketa amaitzeko eta ematen zuen Kulturalak irabazi behar zuela, baina luzapenean Vickyk, area barruan galdutako baloia berreskuratu, eta barrura bidali zuen. Lehenengo jardunaldian irabazi ostean, Kulturala seigarren dago sailkapenean lau punturekin. Puntu kopuru bera dute Leioa, Zalla eta Zamudiok ere. Sestao, Amorebieta, Beasain eta Laudiok seina puntu dituzte eta lidertza partekatzen dute. Datorren asteburuan Amurrioren zelaia bisitatuko du Kulturalak.
ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!