Zuri-beltzeko gizarte argazkilaritza Museoan

Anboto 2010ko abu. 29a, 12:00

Gabriel Cualladó (1925-2003) argazkilari valentziarraren zuri-beltzeko lanen bilduma dugu abuztuaren amaierara arte Durangoko Arte eta Historia museoan ikusgai.

Gabriel Cualladó (1925-2003) argazkilari valentziarraren zuri-beltzeko lanen bilduma dugu abuztuaren amaierara arte Durangoko Arte eta Historia museoan ikusgai. Bere bizitzako hainbat sasoitan, denbora librean eta oporretan hartutako argazkiak dira Cualladóren lanaren Durangoko erakusketan batuta daudenak, argazkilari valentziarrak sekula ez zuen-eta argazkigintza ogibide izan. Argazkiak egitea "afizio" izan zuen arren, Espainiako Argazkilaritza Sari Nazionala jaso zuen 1994an Gabriel Cualladók, bere bizitzan zehar egindako lana goraipatuz. Zuri-beltzeko argazkiak, gehienetan pertsona bakarra erakusten dutenak dira Arte eta Historia Museoan erakusketan daudenak; kaleko pertsona anonimoak dira Cualladóren argazkien jomuga; sekula ez aurpegi ezagunak. Libre uzten ditu kameraren aurrean protagonistak Cualladók, diren bezala agertzeko. Eguneroko paisaiak begiratzeko modu sinple, zuzen eta zintzoa islatzen dute Durangoko Museoko hormetan zintzilikatutako argazkiek. Inguratzen zuena begiratu eta ikusten zuena ulertzeko saiakera zen Gabriel Cualladó valentziarraren argazkigintzaren ardatza. Izan ere, errealitatearen isla hutsa barik, berau interpretatzeko modu bezala ulertzen zuen egileak argazkilaritza. Madrilen, Massanassa bere jaioterrian, Asturiasen zein Parisen egindako argazkiak dira irailera arte Durangon ikusgai ditugunak: Madrilgo Atocha tren-geltokiko eta feriako paisaiak, taberna bat, bere amaren erretratua edo autoerretratua ditugu, besteak beste, ikusgai.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!