Durangoko Kulturalak gaur ekingo dio ligari

Anboto 2010ko abu. 28a, 10:00

Kulturalak iaz abiatutako joko ereduagaz egingo dio aurre Baskoniari zein denboraldiari.

Durangoko Kulturalak gaur 18:00etan ekingo dio ligari, Baskoniaren zelaian. Joan zen zapatuan, lagun arteko partidua jokatu zuten talde biek, eta 3-2 galdu zuten Asier Intxaurragaren mutilek. Zorionez, orduko hartan ez zegoen punturik jokoan, eta segurutik talde biek arerioa hurretik aztertzeko erabili zuten norgehiagoka. Lehenengo partidu horretan ezin izango du Jon Condek jokatu, zaintiratu baten ondorioz hilabete ingururako baja izango da-eta. Kulturalak iaz abiatutako joko ereduagaz egingo dio aurre Baskoniari zein denboraldiari; defentsa talde lanean oinarrituz, erasoan baloia lurretik erabiltzen saiatuko dira, lerro arteko jokoa sustatuz: \"Iazko denboraldia errepikatu gura dugu; sailkapenari dagokionez ere bai, baina, batez ere, joko proposamenari dagokionez. Sanseren atzetik jokamolderik erakargarriena proposatu genuen taldea garela uste dut. Zaleei ere gustatu zitzaien, eta horretan jarraituko dugu\", azaldu du Ricardo Txintxurreta kirol zuzendariak.

Harrobiko jokalariak

Kanpotik zortzi jokalari fitxatu dituzte talde nagusirako, baina hamar dira aurpegi berriak. Azken biak harrobitik igo dituzte. Iñigo Carro gazteen taldetik igo dute, eta talde nagusiko fitxa egin diote. Beraz, nagusiekin jokatuko du. Eskuin hegalean zein zentral moduan jokatu dezake19 urteko durangarrak. Jon Leturiagak gazte mailako fitxa du oraindik, baina aurredenboraldi osoa nagusiekin egin du, eta izango ditu aukerak. Zelai erdian jokatzen du irailean 18 urte egingo dituen gazteak. Talde nagusiak 21 jokalari ditu. Bederatzi lagunek utzi dute taldea: Aitor Bilbao, Asier Etxebarria, Jokin Bernaola, Jose Mari Ugartetxea \"Txumai\", Joseba Garcia, Julen Gonzalo, Lander Bereziartua, Mikel Moreno eta Unai Calvok. Azken biak Lemoara joan dira eta 2.B mailan jokatuko dute aurten.
ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!