"Iraupen probetan garrantzitsua da mentalki indartsu mantentzea"

Anboto 2010ko uzt. 20a, 14:32

Iker Aranak (Durango, 33 urte) Ultraman izeneko proba egitea gura zuen. Proba horrek hiru jardunaldi izaten ditu eta igerian, bizikletan edo korrika osatu behar dira ibilbideak. Ikaragarri proba gogorra da. Fisikoki eta mentalki prestatuta zegoen jakiteko, Ultraman pertsonala egin du asteburuan Bizkaitik zehar. Ibilbide osoa egin du, benetako \'ultramana\' dela erakutsiz, baina proba ofizialean parte ez hartzea erabaki du: \"Hankak sekula ez ditu hain txikituta sentitu\".

Iker Aranak (Durango, 33 urte) Ultraman izeneko proba egitea gura zuen. Proba horrek hiru jardunaldi izaten ditu eta igerian, bizikletan edo korrika osatu behar dira ibilbideak. Ikaragarri proba gogorra da. Fisikoki eta mentalki prestatuta zegoen jakiteko, Ultraman pertsonala egin du asteburuan Bizkaitik zehar. Ibilbide osoa egin du, benetako \'ultramana\' dela erakutsiz, baina proba ofizialean parte ez hartzea erabaki du: \"Hankak sekula ez ditu hain txikituta sentitu\". Ultramana baino proba gogorragorik ba al dago? Mexikon 10 Ironman segidan egin behar diren txapelketa bat dago. Egunero bat. Beñat Zubillaga gipuzkoarrak denak osatu zituen eta ondoren medikuarengana joan zen analisiak egitera; honek esan zion une horretan bihotz-arazoak zituen agure baten moduan zegoela. Atera kontuak zelango exigentzia maila eskatzen duten horrelako probek. Zein da orain arte egin duzun probarik gogorrena? Iaz Ironman bi egin nituen: maiatzean Lanzarotekoa eta urrian Bartzelonakoa. 3.800 metro igeri, 180 kilometro bizikletan eta 42 kilometro korrika. Ultramana egitea dagoeneko buruan jiraka nerabilen kontua zenez, Ironman bi egitea erabaki nuen gorputzak zelan erantzuten zidan ikusteko eta, egia esanda, gustura geratu nintzen nire errendimenduagaz. Beraz, joan den asteburuan egindakoa test bat izan da. Horixe bera. Nahiko beteta amaitu dut eta ez dut uste Ultramana egingo dudanik. [img]http://www.anboto.org/images/8000/8017/1.jpg[/img] Goazen bada egunik egun. Lehenengo egunean 10 kilometro egin zenituen igeri eta 145 bizikletan. Lekeitiotik Ondarroara joan nintzen igerian. Itsasoa mugitu samar zegoenez, Zodiac bategaz irlaren atzealdeta joan eta handik hasi nintzen. Geldialdiak pentsatuta nituen; ordubetera lehenengoa eta, ondoren, 40 minuturo geldialditxoak. Hiru ordu eta erditan osatu nituen 10 kilometroak. Eta segidan hasi zinen bizikletan? Atseden apur bat hartu behar izan nuen, Zodiaceko gasoil usainak edo ez dakit zerk tripaldea nahastu zidalako. Bizikletan Ondarroa, Gernika Mendata, Morga, Larrabetzu, Arrazola, Miota eta Berriztik igaro eta Ibaizabal ikastola inguruan helmugaratu nintzen. Zer sentzazio utzi zizun lehenengo egunak? Igerian egindako lanagaz pozik geratu nintzen. Bizikletan apur bat kostatu zitzaidan hasieran, baina Morgako anoa-puntuan indarberritu ondoren hobeto aritu nintzen. Lehenengo egunak oso sentzazio onak utzi zizkidan. Bost ordu eta hogeitasei minutu egin nituen bizikletan. Bigarren egunean, goizean goiz jagi eta 275 kilometro egin zenituen bizikletan. Tourreko etaparik luzeena baino etapa luzeagoa. Durangaldetik eta Arratiatik ibili nintzen. Ibaizabalen helmugaratu nintzenean 275 kilometrotara heltzeko kilometro eta erdi falta zitzaidala ohartu nintzen eta egun osoa bizikleta gainean egin ondoren, ez nintzen ba helburutik kilometro bakarrera geratuko! Durangoko igerilekuetara joan-etorria egin nuen. Ibilbidea osatzeko hamar ordu eta hogeita hamalau minutu erabili nituen. Zer sentzazio utzi zizkizun bigarren egunak? Hanketatik nik espero baino askoz hobeto amaitu nuen. Bai, Ultramana egitea posible ikusten nuen. Hirugarren eta azken egunean maratoi bi korritu zenituen, 84 kilometro guztira. Banekien korrikako ekinaldia izango zela hiru egunetako koskarik nagusiena. Banekien egun hori zela balantza alde batera edo bestera mugituko zuena. Eskualdetik zehar egindako zirkuitu bati lau itzuli eman nizkion. Lehenengo 40 kilometroak osatuta atseden txiki bat hartu nuen. Kamiseta luzea kendu, zer edo zer jan eta berriro martxan. Nolako gorputzaldiagaz amaitu zenuen ibilbidea? Lehenengo 42 kilometroak (maratoia) lau ordu eta hogeitazortzi minututan egin nituen; espero baino hobeto aurkitu nintzen. Orduan banekien, gutxienez, ibilbidea osatuko nuela. 65-75 kilometroen artean pasatu nituen estuasunik handienak. Hanka kasik arrastaka neramatzan, inertziagatik nindoan aurrera. Espaloietara ere ezin nintzen igo; ezin nituen hankak hainbeste tolestu. Bikiak txikituta nituen. Azken txanpan, ez dakit ondo zelan, errekuperatu egin nintzen eta azken kilometroak erosoagoak izan ziren. Fisikoki ez ezik mentalki ere indartsua izan beharra dago. Nik beti esaten dut holango probetan %60a indar mentala dela eta %40a ahalmen fisikoa. Beti esaten digute zoratuta gaudela, baina nire ustez justu kontrakoa da. Buruz inoiz baino argiago ibili behar duzu: indarrak neurtu, noiz jan behar duzun jakin… burutsu jokatu beharra dago. Akatsak larri ordaindu daitezke: behar moduan elikatu ez eta pattalaldia etortzen bazaizu, ez dago errekuperatzerik. Jendeak ez du sinesten alderdi horrek hainbesteko garrantzirik duenik, baina horrela da. Noiz erabaki zenuen hobe zela Ultramanaren asmoa albo batera uztea? Amaitu bezain laster luzapenak egin nituen eta etzan, ondo etzan nintzen, baina noizko zutundu! Itzelak pasatu nituen bi hanken gainean ipintzeko. Norbere gorputzean sentitu ezik ez dago sinesterik ere. Lartxo iruditu zitzaidan. Egindakoagaz pozik nengoan eta onena sentzazio horregaz geratzen zela erabaki nuen. Nahia asetu duzu ala aldi baterako baretu bakarrik? Sekula ez da jakiten, baina ezetz uste dut. Sekula ez ditu hankak hain txikituta eduki. Egun batetik bestera errekuperatzeko ezer berezirik egiten zenuen? Iluntzetan eta goizetan lagun batek masajeak ematen zizkidan. Hortik kanpora ez dago miraririk. Nortzuk lagundu dizute erronka osatzen? Mugarra triatloi taldekoa naiz eta euren laguntza izan dut, baina batez ere, anairen, Unai Aranaren, laguntza eskertu nahi dut. Egunero ondoan izan dut eta bera izan da nire managerra. Irailetik aurrera zer helburu dituzu? Maratoiren bat egingo dut. Datorren urtean… Ironmanen bat seguruenik. Gauza normalak. Ironmana egiteari \'normala\' edo ohikoa deritzozu. Etxekoek halantxe esaten didate, ea holango astokeriak alde batera utzita, noiz hasten naizen berriro gauza \'normalak\' egiten. Asteburu honetan Iker Urizar elorriarrak bigarren amaitu ditu Ehun Milak. Ezagutzen duzu? Bai, gimnasio berean gabiltza. Fenomeno bat da eta itzelezko lasterketa osatu du. Ez dakit jendea ohartzen den holango lorpenek zelango lana duten atzetik. Kanpotik ez da ikusten. Nire kasuan, esaterako, orain bederatzi hilabete egindako plangintzaren ondorioa da asteburuan egin dudana. Iker Urizarren kasuan ere berdin gertatzen da; emaitza horren atzetik lan handia dago. Sakrifizioa eskatzen du. Gogorra da, bai, baina niretzako ez da sakrifikzioa. Goizeko 5:00etan jagi eta lanera joatea: hori da niretzako sakrifizioa. Bestea gustura egiten dudan hobbya da.
ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!