Manowar, Alice Cooper eta Motorhead Durangon izango dira udazkenean

Anboto 2010ko uzt. 20a, 15:00

Horretaz gainera, Cock Sparrer ere izango da urrian, Oktoberfest jaialdian.

Horretaz gainera, Cock Sparrer ere izango da urrian, Oktoberfest jaialdian. RockNRock enpresak Durango aukeratu du berak antolatutako hainbat kontzertu ospatzeko. Modu honetan, nazioarteko rockaren izen handienetakoak etorriko dira Landako erakustazokara: Manowar, Alice Cooper eta Motorhead. Manowar izango da lehen gonbidatua. Irailaren 10ean etorriko da Durangora New Yorkeko taldea. Dagoeneko 30 urteko ibilbide musikalagaz, heavyaren erakustaldia egingo dute. Holyhell taldeak joko du euren aurretik. Alice Cooper azaroaren 22an izango da Durangon. Arizonako musikariak \'Alice Does Alice\' disko berria aurkeztuko du \'Theatre of death\' ikuskizunean. Motorhead taldeak abenduaren 16an hartuko du txanda. 1975ean sortutako bandak bere azken lana den \'Motorizer\' aurkeztuko du Landakon. Lemmy Kilmisterrek gidatutako taldeak rock gogorra zabalduko du Durangon. Hiru kontzertuetarako sarrerak salgai daude dagoeneko, 36 euroan.

Oktoberfest

Bestalde, Oktoberfest jaialdia Durangon ospatuko da aurten. Punk musikaren jaialdi esanguratsuenetakoa da, eta makina bat talde izango dira bertan, urriaren 2an. Cock Sparrer da izen handiena, baina ezin ahaztu Far From Finished, Stiff Little Fingers edota Slaughter And The Dogs taldeak ere. Landako Gunean izango da kontzertua. Plateruena eta Durangoko Udala ere badaude babesleen artean. 30 euroan daude salgai sarrerak.
ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!