Kulturalak sei fitxaketa egin ditu orain arte

Anboto 2010ko uzt. 16a, 10:13

Esperientzia eta gaztetasuna batu dituzte taldera. Oraindik, aurrealdeko pare bat jokalariren bila dabiltzala dio Axier Intxaurragak.

Esperientzia eta gaztetasuna batu dituzte taldera. Oraindik, aurrealdeko pare bat jokalariren bila dabiltzala dio Axier Intxaurragak. Iazko taldetik 12 jokalarik jarraituko dute. Honako hauek hain zuzen: Garikoitz Basauri, Unai Rodriguez, Beñat Ramos, Diego Faulin, Jose Mari Ugartetxea \'Txumai\', Eneko Viñas, Jon Larrinaga, Jon Conde, Eriz Rivera, Iban Espinosa, Mikel Muniozguren, Eneko Gorroño eta Xabi Nietok. Hainbat jokalari joan dira taldetik, Unai Calvo eta Mikel Moreno, esaterako. Jokalari bi horiek Lemoan jokatuko dute datorren denboraldian. Axier Intxaurragak orain arteko fitxaketen gainean berba egin digu: Odei Oniandia (Baskoniatik): \"Zentral moduan jokatzen du, baina zelai erdian ere jokatu dezake. Orain urte bi play-offa jokatu zuen Elgoibarrekin. Jokalari gaztea, baina esperientziaduna da eta proiekzio handikoa. Gaizka Meléndez (Elgoibarretik): \"Beteranoa da, 30 urte ditu. Play-offetan behin baino gehiagotan jokatu du eta esperientzia hori ondo etorriko zaigu\". Ander Pinilla (Elgoibarretik): \"26 urte ditu. Elgoibarren bi urte oso onak osatu ditu. Partidu gehienak jokatu ditu eta play-offean ibili da\". Ibai San Martin (Pinatar Murcia-tik): \"Orain lau-bost urte Kulturalean jokatu zuen. Kulturalarekin 2.B mailan jokatutakoa da. Harrezkero, kanpoan ibili da. Euskarri moduan jokatzen du. Gorputz handia du eta goiko jokoan oso ondo moldatzen da. Izakera sendoa du\". Iker Martínez (Laudiotik): \"Aurrean eta hegalean jokatu dezake. Kalitate handiko jokalaria da. Aurten Laudion eta iaz Zornotzan ez du zorterik izan eta ez du askorik jokatu. Baina badakigu orain urte batzuk Elgoibarren denboraldi onak burutu zituela. Berreskuratu egin nahi dugun jokalaria da\". Ibon Enciendo (Amurriotik): \"Lezamatik irtendako jokalari gaztea da. Azkarra da eta kalitateduna. Iaz ez zuen zoretik izan Amurrion eta, Martinezekin moduan, bere mailarik onenera berreskuratu gura dugun jokalaria da\".
ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!